Baztanek irabazi du Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketa

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 22a

Nafarroako Herriarteko txapela irabazi ondotik, kontent Txarutako pilotariak. Utzitako argazkia

Ttikietan lortutako aldeari esker, erraz gailendu da

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala jokatu zuten uztailaren 4an Iruñeko Labrit pilotalekuan Baztanek eta Uhartek. Faborito garbirik gabeko finala zen, lehen fasean bina partida irabazi zituztelako. Finalean ere bina partida irabazi zuten, baina nagusien azkeneko partida jokatu aitzinetik, jakina zen aurtengoan txapela Baztanera etorriko zela.
Izan ere, ttikienen bi kategoriatan, irabazi ez ezik, tantu alde handia lortu zuten Baztango pilotariek.
Alebinetan, Enaitz Antso eta Iker Espelosinek 18-3 irabazi zieten Uharteko Etxegia eta Etxeberriari.
Infantiletan ere, Arkaitz Untxalok eta David Albiasuk 18-6 irabazi zieten Astiz eta Goñi­ri. Honela, bi kategoria ttikienetan 27 tantuko aldea hartu zuten baztandarrek.
Jubenil eta nagusien arteko partidetan 17 tantu egitea aski zuen Baztanek txapela eskura­tzeko. Eta ez zuten azken partidara esperatu beharrik izan. Jubeniletan galdu egin zuten Baztango Joseba Arizmendi eta Antton Jauregik, baina sekula galdu duten partidarik gozoena izan zen. 19-22 galdu baitzuten Uharte­ko Loban eta Jauregi­re­kin.
Beraz, nagusien partida tramite hutsa izan zen. Uharteko Yoldi eta Landiribarrek 22-9 irabazi zieten Baztango Unai Arraztoa eta Xabier Arraztoari.
Baztanek hirugarren txapela irabazi du, bere hirugarren finalean. 2000 eta 2001 urteetan irabazi zituen lehen bi txapelak eta bederatzi urte beranduago hirugarrena. Izan ere, zazpi urteren ondotik, iaz hasi ziren berriz ere baztandarrak txapelketa honetan eta kasik finalerdietara ailegatu ziren.
Aurten, txapela. Juanjo Atxa pilota arduraduna kontent zegoen txapelarekin eta «ametsik onenetan ere» ez omen zuen honela irabaztea espero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun