Aurten laugarren aldiz Zarautzen egin den Txaparrotan hondartza eskubaloi txapelketan izan dira Baztango Kirol Taldeko neskak. Uztailaren 2tik 4rako asteburuan jokatu zen txapelketa, eta infantil mailako bi talde aritu ziren, baita helduen talde bat ere. Infantilen talde batek, gainera, finalerdietarako txartela lortu zuen, nahiz eta hortik aitzinera egiterik ez lortu. Baina lehiaz haratago, besta giroan eskubaloiaz gozatzea da txapelketaren helburua, eta BKTko neskek ere ederki pasatu zuten. Zarautzeko kanpinean igaro zituzten egunak, eta igandean, guraso guztiekin bazkaldu zuten. 30 bat lagun bildu ziren. Egun berean egin zuten zare baten zozketa ere eta Elizondon bizi den Vicente Oteiza izan zen sariduna.