Xabier Lopez Zabaleta, 6 urteko mutikoak botako du aurten Elizondoko Santio bestetako txupinazoa. Izan ere, San Francisco Javier eskola publikoko eta Baztan Ikastolako ikasleen artean egindako marrazkien artean berea aukeratu da programa hornitzeko. Horretaz gain, aurten lehen aldiz, Santioak iragartzeko kartel lehiaketa ere egin da. Iruñeko Silvia suertatu da garaile, ondoko orrian ageri den irudiarekin. 300 euro eta zikirorako bi txartel eskuratu ditu saritzat. Kartel horren osagarriekin egindako irudia ere agertuko da programaren azalean. Xabi Torres Elizondoko alkatearen erranetan,“hamar lan aurkeztu dira, erdiak Baztangoak eta bertze erdia kanpoko jendeak aurkeztuak. Inoiz ez zen kartelik izan Elizondoko bestatan, baina partehartzea bultzatzeko modu egokia iruditu zitzaigun”. Izan ere, herritarren partehartzeari garrantzi berezia ematen diote Elizondoko alkateak eta kargodunek. “Iaz, besta komisioaz aparte bertze 46-50 lagun aritu ziren lanean eta aurten kopuru hori bikoiztu egin nahi dugu eta ehun pertsonetara ailegatu, errelebo bat bilatzen dugulako. Gan den urtean 1990. hamarkadako gazte gutti ikusi genuen lanean eta aurten horiek ere bildu nahi ditugu, bestetako lana nola egiten den transmititzeko. Kolektibo, elkarte eta talde ezberdinen partehartzea bilatzen saiatu gara”.
Joan den urteko egitarauarekin konparatuz, aldaketarik nabarmenena “egun bat gehiago daukagula da” dio Torresek. “Bezpera larunbata da, baina ortziraletik mugimendua izaten dela kontuan hartuz, zenbait gauza antolatu ditugu. Atletismo taldeak haur eta helduendako krosa prestatu du eta kontzertu potentea ekartzen saiatu gara eta lortu dugu: eskualdeko musikariek osatutako Sutan taldea, Euskal Herrian bere fama duen Governors taldea eta zer erranik ez, Esne Beltza”.
Lehenago egiten zen sokamuturra ere berreskuratuko dute aurten Elizondon eta zaharberritutako pilotalekuaren inaugurazioa eginen da, pilotari profesionalen partida handi batekin. Bagordin goitibera txapelketa ere eginen da “arras ikusgarria izanen da, –aipatu digu Xabi Torresek– 3 kilometroko malda handia da eta Euskal Herriko Federazioaren laguntza izanen dugu” eta kirol arloarekin segituz, Euskal Herriko bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa ere. Horretaz gain, egunero-egunero jarduera kopuru handia prestatu dela aipatu digu Torresek, “eta gero bakoitzak aukeratuko du zeinetan parte hartu”. Aurrekontuari dagokionez, gan den urtekoaren paretsukoa erabili dute: “65.000 euro ingurukoa izanen da, gan den urtekoa baino handixeagoa, baina sarrerak ere gehiago izanen direnez, berdintsu geldituko gara. Kontuan hartu 2008kotik 25.000 euro jautsi ginuela iaz”. Mutildantzen inguruan sortutako gorabeherez ere aipamena egin du Elizondoko alkateak. “Aferaren soluzioa zaila da, baina bilatzen ari gara. Guk ezin dugu neskek dantzatzea galerazi, eta ezin dugu txistulariei jotzera behartu. Jarrerak enrokatuak daude eta ez dut uste aurten soluzionatuko denik, nahiago nuke!” dio Torresek. Alkatea eta kargodunek mezara joan ez zirela-eta oihartzuna izan zuen zenbait mediotan, baina hori gainditutako eztabaida dela aipatu digu: “Gauzak erranak daude, norbaitek gurea makarrada bat izan balitz bezala aurkeztu nahi izan zuen, baina hori ez da horrela. Aurten ere segituko dugu, eliz atariko elkarretaratze horrekin, aski gauza polita baita denak elkartzea: politikoak, eliztiarrak, musulmanak, homosexualak… denak batera plazara gateko. Gaur egun dugun gizartearekin koherentea dela uste dugu, eta horretan segituko dugu”.