Arras lan politak ikusi ahal izan dira Lekarozko ILZ edo Irakasle laguntza Zentroak antolatutako film labur eta argazki-istorio topaketan. Hala adierazi dute behintzat ekimenaren bultzatzaileek, «lanen maila haundia eta kalitatekoa» izan dela erranez.
Urdazubi-Zugarramurdi, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ikastetxeei zuzendutako topaketa honetan sei ikastetxek hartu dute parte eta guztira 15 lan aurkeztu dira: Arantzako eskolak lau lan egin ditu; Arizkungo eskolak hiru; Oronozko ikastetxekoek bertze hiru; Berako Rikardo Baroja eskolako neska-mutikoek ere hiru eta Urdazubi-Zugarramurdikoek eta Lesakako Irain eskolakoek bana.
Azkenengo topaketa ekainaren 16an egin zuten Elizondoko Arizkunenean eta orduan egin zuten sari banaketa ere. Opari bana eta lan guztiak biltzen zituzten bi DVD banatu zituen Lekaroz ILZk.