Lekarozko ikastetxe zaharraren eremuan, enpresa, hezkuntza edo kulturarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzeko gunea egin nahi da, eta horretarako tramiteak hasi ditu Nafarroako Gobernuak. Amelia Salanueva kontseilaria buru duen Lurralde Antolaketa Batzordeak (COT) udalez gaindiko inzidentzia duen Plan Sektorial bat izendatu du.
Gunera sartzeko biribilgune bat eginen da, eta aparkaleku eta harrera eginen duen eraikin bat ere bai. Iparraldera, «hezkuntza herrixka» bat eginen da, 4.000 metro koadro hartuko dituena eta hezkuntza, zerbitzu eta aisidialdira zuzendutako eraikin ttikiak izanen dituena. Fraileen Putzua berreskuratzeko lanak ere eginen dira. Garai bateko elizaren barrena kultur eremurako izanen da eta ondoan, zerbitzuen arloko jarduera ekonomikoetarako gunea eginen da. Baztan ibaira hurbiltzeko oinezkoendako ibilbidea eta lorategiak ere egokituko dira. Lurdesko Amabirjinaren leize ondoko kapera zaharra kendu eta balioanitzeko ekipamendurako bertze eraikin bat eginen da.
Plangintzaren arabera, 10.452 metro koadro hartuko dira, eta jarduerak 2012ko urtarrilean hasiko direla aurreikusi da