‘Baztan bizirik nahi dugu’ eskatzeko manifestazioa eginen da uztailaren 17an Elizondon

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 8a

Jon Elizetxe, Itziar Aleman eta Mikel Mujikak eman zuten manifestazioaren berri ekainaren 24an Arizkunenean egindako prentsaurrekoan. Artxiboko argazkia

Amaiurko herriak eta Aroztegia... eta gero zer? taldeak deitu dute

DATUA 19:00etan hasiko da manifestazioa Elizondoko karriketan.

Baztan bizirik nahi dugu!, Herriaren hitza erres­petatu! eta Munoa eta Aroztegia gelditu!. Hiru lelo horiekin manifestazioa deitu dute Amaiurko herriak eta Aroztegia... eta gero zer? plataformak. Uztailaren 17an, larunbatarekin, izanen da, 19:00etan Elizondon.


‘Baztan bizirik nahi dugu!’
Deitzaileen irudiko, azken aldian Baztanen egiten ari diren egitasmoek «gure lurra, gure ingu­rua, gure biziak eta bizi­tze­ko moduak aldatuko dituzte», eta «interes ekonomiko eta enpresarial konkretuek bulkaturik heldu dira». Alta, «guk Baztan bizirik nahi du­­gu. Baztanen bizi eta lan egin nahi dugu. Ho­rre­tarako, sozialki beha­rrezkoak diren jarduerak eta kalitateko enpleguak sortuz».
 
‘Herriaren hitza errespetatu!’
Amaiurko Munoako ha­­rrobia eta Lekarozko Aroz­tegiako «pelotazo urbanistikoak» herritarren eta lurraren kontrako egitasmoak direla adierazi dute deitzaileek: «Amaiu­rren, harrobi egitasmoaren kontrako herri-galdeketan,  %94,5 aurka agertu zen. Lekarozen, %67 Aroztegiako proiektu urbanistiko-espekulatzailearen kon­tra agertu zen. Non ikusi ote da herrita­rren iritziaren gainetik, administrazio publikoa, Udala, interes enpresarial konkretu batzuen eskutik ibil­tzea?». Inposaketen gainetik, herrien eta herrita­rren hitza errespetatzeko eskatu dute.

‘Munoa eta Aroztegia gelditu!’
Munoan, amaiurta­rren erditsua bizi den inguruan, zundaketak baimendu izana ere leporatu diete Udala­ri, «ondotik, hain­ segur, harrobia egiteko». Tokiko jendearen gainetik, Udalak «enpresa pribatu baten alde modu itsua­n» jokatu duela kriti­katu dute eta horregatik, ha­rro­bietatik base­rrie­tako distantzia egite­ko ordenantza eskatu dute.
Aroztegian 252 etxe­bizitza berri egin nahi di­tuz­tela eta, «Baztango 16. herria» izanen litzatekeelakoan daude: «Baz­tan­go lu­rral­dearen de­segitu­ra­keta bulkatu bidenabar, gisa guztietako ondorio sozial eta ekonomikoak ekarriko ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun