Baztan Frankismoaren garaian izeneko erakusketa zabaldu zen maiatzean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Lekarozko institutuko ikasleek, argazkiz, irudiz eta idatzizko testigantzak bilduz egindako lan mardula ikusgai izan zen eta baztandarren arreta piztu zuen.
Duela 20 urte, Lekaroz Institutuko Gizarte Zientzien Departamentuak, ikasleen bidez, ahozko iturrien bilketa hasi zuen. Asmo handiko proiektua zen, eta lekukotasun hauen grabazioek gauza aunitz ahalbidetuko zituzten: baztandarren bizitzen istorioak irautea, Errepublikan, Gerra Zibilean, Frankismoan eta Trantsizioan bizitakoak, desagertzear dauden ohiturak berreskuratzea, eta hurbil litezkeen ikertzaileentzat bertako euskalkien erregistroa uztea.
Helburu horiek bete direla uste du Juainas Paul Arzak historia irakasleak eta erakusketaren koordinatzaileak. Bildutako grabazio kopuruak hori frogatzen du eta Baztan Frankismoaren garaian erakusketa, urte hauetako guztietako lanaren fruitu da. Lan honen bitartez, 1936tik 1975era doan garai gogor horretan, gure inguruaren irudi eta idatzizko testigantzak ezagutu ditzakegu, eta belaunaldi zaharragoen kasuan gogora ekarri. Baztango euskararen bilakaeraren berri bideo batean eman duen Martin Gardek aipatu digunez, «honelako erakusketa hauek arras baliagarriak dira, gazteek historiaren berri izan dezaten. Bortizkeriaren bitartez gure borondatez kanpoko izaera bat hezurretaraino sartu ziguten eta hori gainditzea gure ondoko gazte belaunaldiaren lana izanen da».
Eguneroko handitasun eta miseriak, familia, lana, etxea… dira erakusketaren oinarri, eta kanpotik ezarritako egiturek ere (eliza, aginte eta eskola), eguneroko bizitza eta kultura zein neurritaraino baldintzatzen ahal zutenaren adierazle.
Garai horietako bertze alderdi xeheagoak, baina ez horregatik garrantzi gutiagokoak ere jasotzen ditu erakusketak: frankismoaren aurkako gerrilaren ekintzak haranean, bestak, itxaropenik gabeko bizitza batean ihesbide bezala irakurritako komikiak, Francok mugan eraikitako gotorlekuen ondare arkeolgoikoa, Gorramendiko base estatubatuarraren eragina… Gerra Zibilak Baztanek izan zituen ondorioak ere ezin dira ahantzi, 40 urteko diktadura eta gerra irabazi zutenen aginte osoa ekarri zuen gerra krudela. Euskararen egoeraren ikerketa eta frankismoaren aitzinean euskararen erresistentzia ere jaso dute. Orai, Geronimo de Ustariz Fundazioak kudeatuko du erakusketa.
KONTRABANDOA
«Doneztebeko Guardia Zibilak Zubietan zazpi pertsona antzeman zituen eta ihesean beraien paketeak utzi zituzten. Nylon-hariko 506 bobina zituzten barnean. Elizondoko Guardia Zibilak altoa eman zion pertsona bati eta nylon-hariko 78 bobina utzi zituen. Hauen balioa 40.000 pezetakoa zen. Bertzeena ez da kalkulatu». Hala dio prentsa errekorte batek.
P LERROA
Gerra Zibilaren amaieratik, Franco jeneralak Pirinioetako muga indartu nahi zuen. Nafarroan, 46 «erresistentzia gune» sortzea aurreikusi zuten. Batzuk, Baztanen eraiki behar zituzten: Urdazubi, Arizkun, Otsondo… Gune bakoitzak 19 milioi pezeta balio zuen. Lanak 1957an bukatu ziren, proiektu faraonikoa alferrikakoa zela ikusita.
NAZIENGANDIK IHESI
Xabier Laborde Noguesek zuzentzen zuen sarea izan zen naziengandik ospa egiteko printzipala, Ezpeleta-Dantzarinea -Elizondo ibilbidearekin. Pilotu erreskatatu batengatik ematen zen 1.500 pezetako saria tentagarria zen, arriskua, ordea, arras handia zen: harrapatutako tokian bertan 2 mugalari hil eta 22 kontzentrazio kanpoetara eraman zituzten.
MARTIN GARDE| «Historia ez errepikatzeko, ezagutu egin behar da»
"Historia errepikatzea ez dugu inork nahi, baina ez errepikatzeko lehenik eta behin ongi ezagutu egin behar da. De la esperanza al terror libururako lan egin nuen Baztanen eta kontaktu hagitz aberasgarriak izan nituen. Baztanen lau emakume izan ziren heriotzera zigortuak eta batto Bittori Etxeberria elizondarra izan zen. Barride nuen eta ordu aunitz pasatu nituen berarekin eta sakonki sartu nintzen Baztanen gerra inguruan gertatu zena eta bere ondorioak ikertzera. Isiltasun eta iluntasun handia zegoen duela 30 urte Baztanen eta jendea oraino izitzen zen gai honetaz solasterakoan.
Baztanek muga izaterakoan bi gauza nahasi ere egiten ziren: kontrabandoaren mundua eta ihes egiten zutenen mundua. Nik ezagutzen dut jendea kontrabandoan aritutakoa eta berdin zitzaien 20 kilo kobre edo bi pertsona pasatu, beraiendako lana zen. Hori errealitate iluna da eta zaila da informazioa ateratzea. Baztanen espiotza sare bat bazen eta tartean baziren baztandarrak ere, baina izenak ezin ziren eman. Baztanek isiltasun hori barneratua zuen eta beldur handia zegoen. Gerra Zibilaren ondotik Munduko Gerra etorri zen eta Iparraldetik alde honetara ihesean zetozenak bideratu behar zureb. Nafarroan kasik gerrarik ez zen izan, baina ez idurian, gerraren ondorioak kasik 1970. hamarkadaraino iraun zuten. Ordura arte ez zen gerrari buruz solasik egiten eta historia ezagutzen da batzuk ezagutu dugulako, ihes eginak, Lekarozko kolegiotik 30 bat ikasle bota zituzten kanpora, baina ez militarrek, gure aginte-gizonek baizik. Baztango eta inguruko istorioa, senideen tartean sufrimendu handiarekin eraman den istorioa da. Gaur egun badira gauzak oraino ez direnak agertu. Desagertuak, trifulka izugarriak… badira garbitu ez diren gauzak eta garbitzen ez direnak oraindik familietan beldurra badelakoz. Bortizkeriaren bitartez hezurretaraino sartu ziguten gure borondatez kanpoko izaera bat eta hori gainditzea gure ondoko gazte belaunaldiaren lana izanen da."
JUAINAS PAUL ARZAK | «Arbelean azaldutakoa etxean gertatua bilakatzen da, hori aberasgarria da»
"Hainbat urtetako lana da eta Frankismoari dagokiona, bereziki 2003tik 2007ra DBHko laugarren mailako ikasleek bildutako testigantzetan oinarritzen da. Testigantza horiek erabiliz aipamen labur batzuk bildu ditugu erakusketan, bizimodu arruntaren puntu nagusiak eta bere bilakaera agertzen dutena. Ikasleek beraien gurasoei eta gehienetan aitatxi-amatxiei elkarrizketak egin dizkiete eta zenbait gauza harrigarriak suertatu zaizkie: telebistarik gabe bizitzea, autorik gabe… Transizioari buruzko elkarrizketak ere badaude.
Adinak hori ezagutzera eraman nau, eta badakit garai batean ez zeudela gaur hain arruntak diren tresna horiek guziak (telebista, kotxea…). Hori da gazteak gehien harritzen dituena. Etxeetan ez dago zaharren kontakizunak aditzeko ohiturarik, ez diegu kasu handirik egiten Gerra Zibileko kontakizunei, baina orduko eguneroko bizitzaz aitatxi-amatxiekin solasteak harridura sortzeaz gain, hurbiltasuna ere eragin die ikasleei. Hurbiltasun hori somatu dut audio-zinta entregatu eta handik bi urtera edo kopia bat eskatuz etorri direlako. Hori adierazgarria iruditzen zait. Arbelean edo eskemen bidez erakutsitakoa, Errusian gertatu zena… aldamenean eta etxean gertatu zena bilakatzen da eta hori aberatsa da.
Beste atal bat, ikasleek baino irakasleek prestatutakoa da, Mikel Ozkoidi, Mikel Rodriguez, Iker Frias, Iñaki Arrese eta Ana Gonzalezek egindako lana. Gai bereziak dira edo espezializazio bat eskatzen dutenak: makiak inguruan izan zuen eragina, Frankismoaren interpretazioa komikien bidez…
Fernando Mendiolak Frankismoaren esklaboak atalean lagundu digu eta jende aunitz zirikatu eta mugiarazi dugu: Martin Gardek euskararen bilakaera Baztanen azaldu zigun elkarrizketa baten bitartez, Lander Santamariak Gorramendiko basean amerikarrek Baztanen izan zuten presentzian lagundu digu…
Honen guziaren helburua hainbertze urteetako materiala ez galtzea da, material guzia digitalizatua dago eta zenbait kasutan transkripzioa egina ere bai. Horrekin guziarekin artxiboa osatu eta Lekarozko Irakasleendako Laguntza Zentroaren esku jarriko dugu, ikertzaileen edo kuriositatea duen jendearen eskura.
Erakusketa honetan Geronimo Ustariz Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dugu eta herriz herri eramateko asmoa daukagu."