Aroztegia…eta gero zer? plataformak uztailaren 17an Elizondon egindako manifestazioaren balorazio arras positiboa egin du, “parte hartze arras haundia izan zen eta plataformaren helburuak gainditu ziren”. Plataformaren ustez, “bai manifestazioan eta bai igandean Baztandarren Biltzarran ere, Munoa eta Aroztegiko proiektuen aurka ateratako orga desberdinetan, herriak argi adierazi zuen bere nahia. Baztango herriak, berriro ere, herriaren hitza errespetatu dadin eta gutxiengo dirudunei bakarrik mesede egiten dien inposatutako proiektuak gelditzea eskatu zuen”.
Plataformak eskerrak eman dizkie manifestazioari atxikimendua eman dioten pertsona eta talde guztiei, baita NaBairi ere “zeren, kazikeen moduan jokatuz, udal langileak gure pankartak eta kartelak soilik kenduaraziz, manifarako argi indar publikoa ukatuz eta egitasmoaren aurka direnek jasan izan dituzten presio zuzen eta zeharkakoek egiaztatzen dutelako “errespetua”, “herritartasuna”, eta “adierazpen askatasuna”-ren inguruan dituzten konzeptuak okerrak direla, eta honek gure borroka indartzen du”.
Plataformaren helburuari dagokionez hasieratik arras argia eta zehatza izan dela diote: “Aroztegiako proiektu urbanistiko-espekulatzailea gelditzea, gaiari buruz herri eztabaida abiatzea eta erabaki kolektiboak errespetatzea. Ozenago eta maizago erran daiteke, baina argiago ez!”.
Plataformak gauzatu dituen ekimenen artean Udalak ekainaren 7an egindako akordioa errekurritu du eta bere gain hartzen ditu Lekarozko Batzarrak bere egunean aurkeztutako alegazioak. “Alegazio hauek guztiak udalak gibelerat bota ditu eta bereziki larria iduritzen zaigu Aroztegiako lur eremuan dauden bideen jabetza ez argitzea”. Plataformaren ustez, “Udalak berriro ere erakusten du Batzar Nagusiari dion “errespetua”, eta nola erakunde hau erabiltzen duen interes partikularrak asetzeko eta ez, berez beharko lukeen moduan, lur eremu publikoak defenditzeko”.
Sutearen inguruko alegazioa
Aroztegiako lur eremuan izandako sutearen inguruko alegazioari buruz Udalak errandakoak ere “harritu” du Aroztegia eta gero zer? Plataforma. Udalak ez omen du agiririk lortu eta Plataformak, aldiz, “Udalak dituen baliabide eta kontaktuak eduki gabe” parte horren berri eta kopia bat dauka. Sutea 2005eko martxoaren 23an gertatu zen, 7 hektareako lur eremuan eragina izan zuen. “Legearen arabera, suteak izandako lurraren kalifikazio urbanistikoa aldatzea galarazten dute gutxienez 30 urtetan” dio Plataformak. Hori Baztango Udalak badakiela uste du taldeak eta “horrelaxe adierazi zuen Martin Garde Udaleko kultura eta turismoko zinegotziak aurtengo otsailaren 14an Berrian egindako elkarrizketan”. Honek proiektu hau bideraezina eginen luke eta zentzurik gabe utziko luke planteatzen den Udal Planaren “rebisioa”, Aroztegia eta gero zer? Plataformaren erranetan.