Milaka bildu ziren igandean Elizondoko Baztandarren Biltzarrean. Guzira 21 orga aurkeztu ziren eta urtero bezala, herrietako historia, eskakizunak eta kezkak plazaratu zituzten baztandarrek.
Horien artean, Oronoz-Mugairiko orga izan zen irabazlea. Herrian elizarik ez zuten garaia gogoratu zuten eta bizilagunek Erromara jo zuten, Juan XXIII apezari eliza eskatzera. Erromarako bidaia luzea eta gogorra izan omen zen, baina eliza lortu zuten. Elizondon, Aita Santuaren sekitoan, Mikel Goñi obispoa ere ikus zitekeen.
Bigarren postuan txalo zaparrada handia jaso zuten bi orgek berdindu ziten. Zigakoak, 1918ko gripe espainiarra gogoratu zuten, 200 baztandarrei eragin zien eritasuna. Elizondoko Aise koadrillakoak, Infernuko Errota irudikatu zuten eta karabineroengandik ihes eginez, bizilagunek artoa ehotzeko zituzten arazoak.
Hirugarren postua Elbeteko orgak eskuratu zuten, Jarola jauregiko nagusiek XX mende hasieran sortu zuten teila fabrikaren irudiarekin.
Baina saririk eskuratu ez zuten orga bikain gehiago ere izan ziren Elizondon. Elizondoko Baldarrak, Falfarrak eta Belatzak koadrillek Javier Ziga margolaria irudikatu zuten, “Elizondoko Merkatua” koadroa margotzen arkupetan. Arizkuneneatik pasatzerakoan, karrozako margolariak, Javier Ziga zenaren egiazko alaba agurtu zuen eta honek, emozioaz eskertu zuen detailea.
Almandozko herriak, gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren espilleak irudikatu zituzten eta Berroetak, 1962an herrian lehen irrati euskalduna sortu zuen Esteban Irigoien apeza gogoratu zuten.
Amaiurrek Munoako ofita harrobiaren kontrako karroza egin zuen eta Lekarozek Aroztegiako golf, hotel eta etxebizitza eremuaren kontrakoa. Aroztegia eta gero zer plataformak eta Erratzuk, bi proiektuen kontrako karrozak egin zituzten. Anizko orgak, mendi-mutilek jateko babak bertzerik ez zituzten garaiak ekarri zituzten orgara; Arizkungoak 1977an herrian egin zen borroka libre saioa; Azpikuetakoak gasna eta gaztanbera egiteko moduak; Arraiozkoak arrantza egiteko debekua eta erreketan dagoen gartza kopurua handia; Iruritakoak, Artesiagako baserritarrek ospatzen zuten San Gil ospakizuna; Gartzaingoak bizkar besta erakusten zuen; Elizondoko Sagatsak koadrillsk zikiro jatea; etorkinek osatzen duten Barride Berriak, “Diablada pillareña”, orain 150 urteko ohitura erakutsi zuten. Sorginkeriaren eta Fede Autoaren 400. urteurrena ere irudikatu zuen Lapatinek taldeak eta Beti Zurrutak taldeak, Argentinara joan ziren artzainen berri eman zuen.
Desfilearen ondotik, 1.600 lagunek parte hartu zuten herri bazkarian eta laxo plazan dantzaldia izan zen, giro eguzkitsu ederrean.