Gero eta denbora guttiago falta da uztailaren 18an ospatuko den Baztandarren Biltzarrarerako. Aipatzekoa da bazkarirako txartelak ortzegun honetan, uztailaren 15ean jarriko dira salgai ordutegi honetan: goizeko 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik aitzinera. Pertsona bakoitzak gehienez 16 txartel erosi ahal izanen ditu eta txartelaren prezioa 20 eurokoa da.
Baztandarren Biltzarra Elkarteak lasaitasun mezua zabaldu nahi du, iaz ilara luzeak izan baziren ere, txartel guziak lehendabiziko egunean akitu ez zirelako.
Egitarauari dagokionez, uztailaren 18an, igandearekin, eginen da hain egun berezia den Baztandarren Biltzarra besta. Urtero bezala, Elizondoko karrikak jendez, musikaz eta kolorez beteko dira.
Aurtengoak, ordea, badu berezitasun bat: Elizondoko Foru Plazako obrek azken momentura arte airean eduki baitute Baztandarren Biltzarra. Azkenean egin, eginen da, baina aldaketa batzuekin.
11:30ean hasiko den orga apainduen desfilearen ondotik, 14:00etan Mutildantzak izanen dira Laxo plazan. 14:30ean herri-bazkaria eginen da Merkatuko zelaian eta ondotik, bazkalondoko jaialdia: bertsolariak, abeslariak, Muxikoak, Larraindantzak eta Trikidantz taldea. 20:00etatik aitzinera, Laxo plazako karpan dantzaldia eskainiko duena Laiotz taldea izanen da eta ondotik DJak ariko dira. Igande osoan Baztandarren Biltzarra karpa Laxo frontoian irekia egonen da. Aipatzekoa, bertzalde, larunbatarekin ez dela gaupasarik eginen.
Juan Angel Perotxena elizondarrak egindako kartelak iragarriko du aurtengo Baztandarren Biltzarra.