Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala jokatu zuten igande goizean Iruñeko Labrit pilotalekuan Baztanek eta Huartek. Faborito garbirik gabeko finala zen, lehen fasean bina partida irabazi zituztelako. Finalean ere bina partida irabazi zuten, baina nagusien azkeneko partidua jokatu aitzinetik, jakina zen aurtengoan txapela Baztanera etorriko zela.
Izan ere, ttikienen bi kategoriatan, irabazi ez ezik, tantu alde handia lortu zuten Baztango pilotariek.
Alebinetan, Enaitz Antso eta Iker Espelosinek 18 eta 3 irabazi zieten Huarteko Etxegia eta Etxeberriari.
Infantiletan ere, Arkaitz Untxalok eta David Albiasuk 18 eta 6 irabazi zieten Astiz eta Goñiri. Honela, bi kategoria ttikienetan 27 tantuko aldea hartu zuten baztandarrek eta Huartekoei maldan goiti jarri zitzaien finala.
Izan ere, jubenil eta nagusien arteko partidetan 17 tantu egitea aski zuen Baztanek txapela eskuratzeko. Eta ez zuten azken partidara esperatu beharrik izan ere. Jubeniletan galdu egin zuten Baztango Joseba Arizmendi eta Antton Jauregik, baina sekulan galdu duten partidarik gozoena izan zen. Izan ere, 19 eta 22 galdu zuten Huarteko Loban eta Jauregirekin eta honenbertzez, nagusien partidaren emaitza jakin gabe ere, txapela Baztanentzat zen. Horregatik, zaleek, hamazazpigarren tantua lortu orduko “Txapeldunak, txapeldunak” oihukatzen hasi ziren.
Beraz, nagusien partida tramite hutsa izan zen. Huarteko Yoldi eta Landiribarrek 22 eta 9 irabazi zieten Baztango Unai Arraztoa eta Xabier Arraztoari.
Honela, Baztanek hirugarren txapela irabazi du, bere hirugarren finalean. 2000 eta 2001 urteetan irabazi zituen lehen bi txapelak eta bederatzi urte beranduago hirugarrena. Izan ere, azpi urteren ondotik, iaz hasi ziren berriz ere baztandarrak txapelketa honetan eta kasik finalerdietara ailegatu ziren.
Aurten, txapela. Juanjo Atxa pilota arduraduna kontent zegoen txapelarekin eta “ametsik onenetan ere” ez omen zuen honela irabaztea espero.