"Baztan bizirik nahi dugu! izenburupean manifestazioa eginen da Elizondon uztailaren 17an

Ttipi-Ttapa 2010eko ekainaren 25a

Uztailaren 17an Elizondon ez ezik, ekainaren 26an Iruñean eginen den manifestaziorako deia egin zuten ortzegunean Elizondoko Arizkunenean.

Aroztegia eta gero zer? taldeak eta Amaiurko herriak deitu dute eta larunbatean Iruñean eginen den manifestaziorako deia ere egin dute

Aroztegia eta gero zer? Taldeak eta Amaiurko herriak uztailaren 17rako manifestazio deialdia egin zuten ortzegun arratsaldean Elizondoko Arizkunenean. Manifestazioa “Baztan bizirik nahi dugu! Herriaren hitza errespetatu, Munoa eta Aroztegia gelditu” izenburupean eginen da Elizondon 19:00etan.

 

Aroztegia eta gero zer? Taldeak eta Amaiurko herriak uztailaren 17rako manifestazio deialdia egin zuten ortzegun arratsaldean Elizondoko Arizkunenean. Manifestazioa “Baztan bizirik nahi dugu! Herriaren hitza errespetatu, Munoa eta Aroztegia gelditu” izenburupean eginen da Elizondon 19:00etan.

Manifetazioaren berri ematen izan ziren Jon Elizetxe, Itziar Aleman eta Mikel Mujika.

Deitzaileek aipatu zutenez, Baztanen herritarren eta lurraren kontrako egitasmoak egin nahi dituzte eta Amaiurko Munoako harrobia eta Lekarozko Aroztegiako pelotazo urbanistikoak horren erakusgarriak dira. Herritarren iritzia ez dela errespetatu ere aipatu zuten: “Amaiurren, harrobi egitasmoaren kontra herri-galdeketa egin zen, eta %94,5 aurka agertu zen. Lekarozen, bertzalde, %67 Aroztegiako proiektu urbanistiko-espekulatzailearen kontra agertu zen. Zenbat balio du herritarren iritziak? Non ikusi ote da herritarren iritziaren gainetik, administrazio publikoa, udala, interes enpresarial konkretu batzuen eskutik ibiltzea?”.

Amaiurko Munoan, amaiurtarren erditsua bizi den inguruan zundaketak baimendu ditu udalak, “ondotik, hain segur, harrobia egiteko. Tokiko jendearen gainetik, udalak “enpresa pribatu baten alde modu itsuan” jokatu duela salatu dute eta horregatik, harrobietatik baserrietarainoko distantzia egiteko ordenantza eskatu dute.

Lekarozko Aroztegian 252 etxebizitza berri egin nahi dituztela eta, “Baztango hamaseigarren herria” izanen litzatekeela salatu dute, “Baztango lurraldearen desegituraketa bulkatu bidenabar, gisa guztietako ondorio sozial eta ekonomikoak ekarriko ditu”.

Hainbat proiekturen kontrako Nafarroako 13 plataforma elkartu dira eta Nafarroa bizirik nahi dugu lelopean, manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, ekainak 26, Iruñean. Deitzaileen artean daude Lekarozko Aroztegia proiektuaren kontrako taldea eta Amaiurko Munoan egin nahi den ofita harrobiaren aurka Amaiurko herria. Manifestazio horretan parte hartzeko ere dei egin zuten ortzeguneko agerraldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun