Javier Caballero, Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea eta Presidentzia kontseilaria zenbait bilera egiten ari da Nafarroako udaletxe nagusietako udal ordezkariekin, segurtasunaz aritzeko eta foruzaingoaren eta udaltzainen arteko koordinazioa eta segurtasun planen promozioa lantzeko. Azkeneko bilera Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egin zuen ekainaren 23an, asteazkenean eta kontseilariarekin batera, Virginia Aleman Baztango alkatea, Santiago Aldako zinegotzia, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea eta Baztango udaltzainak eta Bera eta Doneztebeko albinteak izan ziren, baita Juan Ramon Rábade Barne Departamentuko zuzendari nagusia, Alfonso Fernandez Foruzaingoaren burua eta Iñaki Zia Elizondoko komisaldegiko inspektore burua ere.
Presidentzia kontseilaria Elizondoko komisaldegi berriaren eraikuntza proiektuaz aritu zen, gaur egun lizitazio fasean dagoena. Adjudikazioa datozen astetan eginen da eta lanak uda honetan hastea aurrikusi dute.
Estatuko segurtasun indarrekin eta foruzaingoarekin batera, “segurtasun publiko sistemaren hirugarren hanka toki administrazioari eta udaltzaingoei” dagokiela jakinarazi du Caballerok eta Nafarroako Gobernuari dagokiola udaltzaingoen koordinazioa.