Ekainaren 23an, asteazken goizeko 9:00etan ireki dute Arraiozko merkatalgune berria. Nafar Mendi du izena eta Hiper Simply izenpean banatuko ditu produktuak, Sabeco supermerkatu katearen baitan.
Inaugurazio ekitaldia berriz asteartean, ekainaren 22an, egin zen eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilria, Lander Santamaria Baztango udaleko zinegotzua eta Sotero Etxandi Arraiozko alkatea izan ziren ekitaldian. Hipermerkatuaren atarian, Saverako langileek beraien egoeraren berri eman zioten Nafarroako Gobernuko presidenteari eta ordezkariei.
Proiektu honen bultzatzaileak bi anaia dira: Esteban eta Pierre Elorga. Sortzez Bidarraikoak baina aita eta amaren aldetik, Baztanen familia dutenak. Eta ikasketak akitu eta Frantzia aldean lan esperientzia eskuratu ondotik, Nafarroako mendialdean gisa honetako saltokiek zuten «hutsunea betetzea» izanen da euren helburua. «Komertzio klase horrek aldatu ditu gure erosteko moduak eta gaurko egunean, neke da horiek gabe bizitzea» diote. 2005ean hasi ziren egitasmoa bultzatzen eta 4,5 milioi euroko inbertsioa egin dute. “Bertze aunitzek bezala alde egin genuen, baina orai ilusioz bueltatu gara gure sorterrira” adierazi zuen Esteban Elorgak.
Miguel Sanzek “proiektu honentzako ona dena, eskualdearentzako ona izanen dela” adierazi zuen. Txalaparta, aurreskua eta zintaren mozketa ere egin zen. Nafarroako Gobernuko eta Baztango udaleko ordezkariekin batera, Elorgatarren gurasoek ere parte hartu zuten mozketan.
Lander Santamariak eta Sotero Etxandik garai gogor hauetan hainbertze lanpostu sortu izana azpimarratu zuten, baina “kanpoko horiek eskatzen duten bezala, eskualdean inbertsio gehiago egitea” eskatu zion Arraiozko alkateak Nafarroako Gobernuko presidenteari, Saverako langileen eskariarekin bat eginez.
55 langile
Produktu freskoak, egunean egunekoak, banatzea izanen da Nafar Mendiren xede nagusia, eta adierazi dutenez, ahal bezain prezio merkeenetan. Horrez gain, bertako nekazaritza produktu eta eskulanei ere ateak zabalik daudela aipatu dute Elorga anaiek. Eskualdeko 55 langile ariko dira hipermerkatuan eta horren inguruan sortu diren komertzioetan.
Hipermerkatuaz gain, ostatu bat pintxoekin, jatetxea, haurrentzako Txiki Park, denda ttiki andana eta gasolindegia ere izanen ditu Nafar Mendik, «lekuko preziorik hoberenetan».
Merkataritza guneak eskualdeko 55 pertsonei emango die lana eta 20.000 artikulu baino gehiago eskainiko ditu. Kanpoaldean, 255 aparkaleku, auto-garbitzaile bat eta eskualdeko preziorik onenak eskainiko omen dituen gasolindegia egonen dira.