Aste honetan zabaldu ditu ateak Nafar Mendi merkatalguneak

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 23a

Hipermerkatuaz gain, ostatua, jatetxea, haurrentzako parkea, dendak eta gasolindegia ere baditu

Zabalik dago Arraiozko merkatalgune berria. Nafar Mendi du izena eta asteazken honetan, ekainak 23, ireki zuten. Hiper Simply izenpean banatuko ditu produktuak.
Proiektu honen bultzatzaileak bi anaia dira: Esteban eta Pierre Elorga. Sortzez Bidarraikoak baina aita eta amaren aldetik, Baztanen familia dutenak. Eta ikasketak akitu eta Frantzia aldean lan esperientzia eskuratu ondotik, Nafarroako mendialdean gisa honetako saltokiek zuten «hutsunea betetzea» izanen da euren helburua. «Komertzio klase horrek aldatu ditu gure erosteko moduak eta gaurko egunean, neke da horiek gabe bizitzea».
Produktu freskoak, egunean egunekoak, banatzea izanen da Nafar Mendiren xede nagusia, eta adierazi dutenez, ahal bezain prezio merkeenetan. Horrez gain, bertako nekazal produktu eta eskulanei ere ateak zabalik daudela aipatu dute Elorga anaiek.
Hipermerkatuaz gain, ostatu bat pintxoekin, jatetxea, haurrentzako Txiki Park, denda ttiki andana eta gasolindegia ere izanen ditu Nafar Mendik, «lekuko preziorik hoberenetan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun