Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua onartu du Udalak ahobatez

TTIPI TTAPA 2010ko eka. 22a, 16:38

Nafarroako Gobernuak du azken hitza

Ekainaren 7ko udalbatzarrean erabaki zuen Udalak aho batez, Aroztegian egin nahi den urbanizazio, hotel eta golf zelaiaren proiektuari baiezkoa ematea. Hirigintza Planean egin diren aldaketen inguruan, txosten juridiko eta urbanistikoa egin da eta aldekoa izan da, eta hala, UPNko eta NaBaiko zinegotzi guztiek eman zuten aldeko botoa.

Udalaren behin behineko onarpenaren ondotik, Nafarroako Gobernura bideratuko da orain eta honek hartuko du proiektuaren gaineko behin betiko erabakia.

Plataformaren balorazioa

Aroztegia... eta gero zer? taldeak, bere aldetik, «egitasmo urbanistiko espekulatzaileari Lekarozko herriak egindako alegazioak baztertu eta egitasmoari bidea eman» izana leporatu dio Udalari. Herritarren erranari Udalak «bertze behin bizkarra eman diola» salatu du. Eta horren inguruan galdetu du, «2005ean Amaiur eta Arizkun arteko Kisuan egitekoa zen egitasmo urbanistikoan (golf-zelaia, hotela eta etxeak) Udalak herritarren iritzia errespetatu zuen, orain zergatik ez?».

Plataformaren irudiko, «afera larria da. Baztanen etxeen %22 hutsik egonik, planifikazio urbanistikotik kanpo, eta udal planeko aurreikuspenak oraino bete gabe, Udalak bertako lurralde antolamenduaren egitura hankaz goiti igortzen duen proiektu bat babesten baitu».

Udalbatzaren akta eskuratuta, hausnarketa «finduagoa» eginen duela adierazi du Aroztegia... eta gero zer? taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun