Itxura arras berritzen ari da Elizondo. Espainiako Gobernuak obra publikoetan gastatzeko Udalari emandako dirua Elizondon gelditu da hainbertze obretako: Baztan pilotalekua –berriki PSN-PSOEk Larrosaren Bestan inauguratua–, zahar-etxea, plaza… Badira obra gehiago ere: Eliza ondoko aparkaleku berria, Merkatu Plaza liburutegi bihurtua, Arizkunenea parean Ahaztuen plaza berria, eta hau Santiago Karrikarekin komunikatzeko Lazaro Hoteleko garajea –desjabetu zutena eta goiko argazkian ageri dena– bota egin dute. Lur azpiko edukiontziak ere hor daude –argazkian– eta Baztan ibai bazterretik ibai-parkea ere egin nahi da (1,3 milioi euroko aurrekontuarekin) elizondorrak eta turistak paseatzeko.