Baztandarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen ordenantza aurkeztu du Baztango Eskualgintzak: «Baztango udalerrian eskuararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza», hain zuzen. Bi arrazoi nagusirengatik egin dute araudia: «Baztan eskualde eskualduna» delako eta «Udaleko zerbitzuetan eskuararen erabilera arautzeko eta udalerrian eskuararen erabilera sustatzeko araudi erranguratsu baten hutsunea» ikusten zutelako. Ekainaren 3an aurkeztu zuten ordenantza, Arizkunenea Kultur Etxean egindako prentsaurrekoan.
Eskualgintzako kideek agerraldian azaldu zutenez, «ordenantzak eskuarari dagokion marko juridikoa ezartzen dio eta orain arte izan duen egoera minorizatua saihesteko, hainbat esparru arautzen ditu». Udalaren barne-funtzionamendua, kanpo eta barne harremanak, errotulazioak, toponimia, seinaleak eta udal langileen eskualduntzea eta alfabetetzea dira araudian ageri diren puntuetako batzuk. Baina eskualgintzak argi utzi nahi izan du «araudi honekin ez dela inor eskuaraz solastera edo eskuaraz bizitzera behartuko, eskuaraz bizi nahi duen herritarra eskuaraz bizi ahal izanen dela ziurtatuko baizik».
Udalak onartu du
Eskualgintzak egin duen ordenantza ekainaren 7ko plenoan pasatu zen Udalaren aitzinetik, eta honek onartu egin zuen NaBairen zazpi botoekin. Lehenbailehen tramitatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea onartu zuten NaBaik eta UPNk ere, baina edukiari dagokionean, UPNko bortz zinegotziak abstenitu egin ziren.
Eskualgintzak aipatu bi alderdiei ez ezik, Ezker Abertzaleari eta herriko alkateei ere aurkeztua die Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin egin duen ordenantza hau.