Asteazkenean, ekainaren 23an, irekiko dute Arraiozko merkatalgune berria. Nafar Mendi du izena eta Hiper Simply izenpean banatuko ditu produktuak.
Inaugurazio ekitaldia berriz asteartean, ekainaren 22an, eginen da, 19:00etan eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilria, Virginia Aleman Baztango alkatea eta Sotero Etxandi Arraiozko alkatea espero dituzte, baita Anue, Ultzama, Leitza, Malerreka, Bortziriak, Bertizarana eta Baztango alkateak ere.
Proiektu honen bultzatzaileak bi anaia dira: Esteban eta Pierre Elorga. Sortzez Bidarraikoak baina aita eta amaren aldetik, Baztanen familia dutenak. Eta ikasketak akitu eta Frantzia aldean lan esperientzia eskuratu ondotik, Nafarroako mendialdean gisa honetako saltokiek zuten «hutsunea betezea» izanen da euren helburua. «Komertzio klase horrek aldatu ditu gure erosteko moduak eta gaurko egunean, neke da horiek gabe bizitzea» diote.
Produktu freskoak, egunean egunekoak, banatzea izanen da Nafar Mendiren xede nagusia, eta adierazi dutenez, ahal bezain prezio merkeenetan. Horrez gain, bertako nekazal produktu eta eskulanei ere ateak zabalik daudela aipatu dute Elorga anaiek.
Hipermerkatuaz gain, ostatu bat pintxoekin, jatetxea, haurrentzako Txiki Park, denda ttiki andana eta gasolindegia ere izanen ditu Nafar Mendik, «lekuko preziorik hoberenetan».
Merkataritza guneak eskualdeko 55 pertsonei emango die lana eta 20.000 artikulu baino gehiago eskainiko ditu. Kanpoaldean, 255 aparkaleku, auto-garbitzaile bat eta eskualdeko preziorik onenak eskainiko omen dituen gasolindegia egonen dira.