Lekarozko Aroztegia proiektuaz

«Herriaren indarrarekin edozer gauza geldi daiteke»

Gurutze PIKABEA 2010ko eka. 22a, 09:42

Garbiñe Elizegi, larunbateko manifestazioa iragartzen duen kartela gibelean duela. Utzitako argazkiak

 

Hainbat proiekturen kontrako Nafarroako 13 plataforma elkartu dira eta Nafarroa bizirik nahi dugu lelopean, manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, ekainak 26, Iruñean. Deitzaileen artean daude Lekarozko Aroztegia proiektuaren kontrako taldea eta Amaiurren egin nahi den ofita harrobiaren aurka Amaiurko herria. 13 taldeek elkarlanean egin eta deitu duten lehen ekimena da manifestazioa, baina gerora gehiago egiteko asmoa dutela adierazi digu Garbiñe Elizegi Aroztegia... eta gero zer? plataformako kideak

 

BI PROIEKTU BAZTANEN

«Bi proiektu hauek –Aroztegikoa eta Amaiurko harrobiaren egitasmoa– gure lurra eta herriaren aurkako erasoak bezala sentitzen ditugu. Herri galdeketak egin ziren bi herrietan eta herriak nabarmen agertu ziren proiektu hauen aurka. Udalak, berriz, inposizioaren bidez aitzinera eraman nahi ditu»

Hainbat proiekturen kontrako taldeak elkartu zarete. Zein da helburua?
Elkartze honen helburua gure ahotsa entzunarazi eta indarrak metatzea da. Azken finean, kasu guztietan gidoi bera errepikatzen da: Nafarroako hainbat erakunderen babesarekin proiektu irrazionalak inposatzen dira. Proiektu hauek aitzinera eramaten diren herrietan agintariak herriaren zerbitzura egon beharrean enpresaren txotxongilo bihurtzen dira.
Nola joan da prozesua?
Orain dela hilabete batzuk hainbat plataforma edo taldetako jendea elkartu ginen hausnarketa bateratu bat egiteko. Hortik, elkartzen gaituen ezaugarri ugari zeudela eta, denon artean manifestu bat egitea lortu genuen. Gure ekimenei abiapuntu bat emateko manifestazio jendetsu bat egiteko beharra ikusi dugu.
Nafarroak azken hamarkadetan izan duen garapenarekin kezkatuta zaudetela diozue…
Nafarroan azken hamarkadetan ezagututako ingurugiroaren eta jendartearen aurkako erasorik larrienak jasaten ari gara. Adibideak pilaka daude: Itoizko urtegia, Castejoneko termikak, Lizarraldeko Goi Tentsioko Linea, Baztango Aroztegiko pelotazo-urbanistikoa, AHTa, Olaztiko errauskailua, Zilbetiko harrobia, Amaiurko harrobia… Guztiz jasanezina eta suntsitzailea den eredua da. Proiektu hauek eredu ekonomiko honen ondorio zuzenak dira. Bakar batzuk aberasteko gehiengoen eskubideen urraketa eta diru publikoaren lapurreta erabiltzen da.
Nafarroa bizirik nahi dugu leloa aukeratu duzue. Zer ari da pasatzen Nafarroan?
Nafarroan gertatzen dena ez da kasu isolatu bat. Zoritxarrez eredu ekonomiko hau mundu guztian zabalduta dago. Bakoitzaren ardura da bere tokiko gehiegikeriak gelditzea ahal duen bezala eta elkarlanean. Nafarroan, bai Nafarroako Gobernuak, bai udalerri gehienetan ere eredu hau bultzatzen da. Honi demokrazia eza, herrialde mailako komunikabideen zentsura eta manipulazioa, eta herri mugimenduen kriminalizazioa gehitu behar zaizkio.
Zein da manifestazioaren helburua?
Elkartzea, antolatzea eta mugimendu honi bultzada ematea. Hainbat eragile eta sindikaturekin elkartu gara eta erantzuna ona izan da orain arte, beraz, manifestazio jendetsua espero dugu.
Nola ikusten dituzue Amaiurko harrobiaren eta Aroztegiko proiektuak?
Bi proiektu hauek gure lurra eta herriaren aurkako erasoak bezala sentitzen ditugu. Herri galdeketak egin ziren bi herrietan eta herriak nabarmen agertu ziren proiektu hauen aurka. Udalak, berriz, inposizioaren bidez aitzinera eraman nahi ditu. Guztiz salagarria eta larria da Udalak tiraniarako duen joera eta herritarrenganako duen errespetu falta.
Proiektuak aitzinera aterako direla uste al duzu?
Zaila da jakitea hemendik aitzinera zer gertatuko den. Guk lanean segituko dugu eta gure eskuetan dagoen guztia eginen dugu proiektu hauek gelditzeko. Eta uste dugu gelditzea posible dela. Herriaren indarrarekin edozer gauza geldi daiteke. Herritarrak antolatzea eta elkarrekin lan egitea da erronka nagusia.

Elkarrizketa osorik: www.ttipi.net-en.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun