Elena Urtasun elizondarrak irabazi du Bertan Baztango Merkatarien Elkarteak bere bezeroen artean zozketatu duen 2.000 euroko erosketa bonoa.
“Bestan gastatu fite” kanpaina maiatzaren 1etik ekainaren 10era egin zen eta bezeroek elkarteko bazkide diren komertziotan erosketak egin ondotik, denden zigiluekin bete behar zuten txartela zozketan sartzeko. Txartelak 12 lauki zituen eta komertzio bakoitzak gehienez bi aldiz zigilatzen ahal zuen. Guzira, 1.500 txartel osatu ziren eta horien artean, Elena Urtasunena atera zuen argazkian ageri den Ana Quevedok ekainaren 11n.
Irabazleak, ekainaren 19an, larunbat goiz honetan gastatu beharko ditu 2.000 euroak, berak aukeratutako komertzio, zerbitzu eta ostatuetan. Komertzio bakoitzean 50 euro gastatu beharko ditu guttienez eta saria guttienez bortz komertziotan gastatu behar da.
Argazki lehiaketa
Bertze aldetik, bigarren urtez, argazki lehiaketa antolatu du Bertan merkatarien elkarteak. “Baztango ingurumena eta paisaiak, herriak eta herritarrak” izanen da gaia, eta ekainaren 30a bitarte aurkezten ahal izanen dira. Lehiaketa irekia da eta beraz, edozeinek har dezake parte, baina bakoitzak gehienez hiru argazki aurkezten ahalko ditu. Zuri-beltzean edo koloretan egin daitezke.
Bi modu daude argazkiak aurkezteko: Arizkunenean utzi (09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ortziralera) edo helbide honetara bidali: Bertan Baztango merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartea, Bertan II. Argazki Lehiaketa, Arizkunenea Kultur Etxea, Jaime Urrutia karrika 14, 31700 Elizondo. Argazkiak izen-goiti batekin aurkeztu beharko dira, eta izen-goiti hori daraman gutunazal batean, egilearen datuak aurkeztu beharko dira.
Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu, Bertaneko 80 dendetan gastatzeko hiru bale: 400 eurokoa (1. saria), 200 eurokoa (2. saria) eta 100 eurokoa (3. saria). Horrez gain, aurkezten diren argazkien artean 2011ko egutegia egiteko batzuk aukeratuko dira.