Munoko harrobi proiektuaren kontra manifestazioa egin zuten amaiurtarrek larunbatean

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 16a

Amaiurtarrak karrikara atera ziren larunbatean, Munoko harrobi proiektuaren kontra agertzeko. TTIPI TTAPA

Herri galdeketan herritarren %87ak hartu zuen parte eta hauetatik %94,5 egitasmoaren kontra azaldu zen

Amaiurko Munon egin nahi duten harrobiaren kontra protesta egiteko manifestazioa egin zuten amaiurtarrek larunbatean.

Amaiurko haur, gazte eta ez hain gazteek egindako manifestazioan adierazi zutenez, “zundaketak egin dituzte, herriak oraindik ez du emaitzei buruzko daturik hartu, baina berriz ere bildu gara horrelako kondizioetan harrobirik ez dugula nahi manifestatzeko”.

Amaiurtarrek duela hilabete batzuk jakin zuten Muno aldean harrobi batendako zundaketak egin nahi zituztela, “Udalak ez zion garrantzirik ematen, zundaketak baitziren bakarrik, baina Baztanen izan diren bertze kasuengatik, badakigu honen ondotik zer etorri daitekeen”. Harrobi bat egiteko ez dela leku aproposa iruditzen zaie amaiurtarrei, “Amaiurko herritik 2 kilometrora, baina Amaiurko herritar erdiak bizi diren baserrietatik aise hurbilago, 200 metrotik hasita”. Baztango Batzar Orokorrean zundaketen gaia atera baino lehen herri galdeketa egin zuten Amaiurren eta partehartzea ikaragarria izan zen, herritarren %87ak bozkatu baitzuen eta horietatik %94,50ak harrobiari ezetza eman zion.

Amaiurtar gehienen iritzia azaldu zuten Batzar Orokorrean, baina ez zituzten kontuan hartu eta horixe da amaiurtarrek salatu nahi duten lehenbiziko afera: “Herrietako batzarreak zertarako? Zer dela eta ez da herri galdeketa errespetatu?”.

Amaiurtarren iritziz, “harrobiak behar direka bistan dago, baina uste dugu horren gainetik herritarron osasuna eta segurtasuna dagoela, beraz, legeak herrietara eskatzen dituen guttienezko distantzietaz gain, harrobietatik baserrietarainoko distantzia minimoa ezartzea ere eskatzen dugu, baserritarrok ere pertsonak bait gara, eztala? Legedi edo ordenantza hau Udalaren betebeharra da, eta Baztango herri eta baserri guztien eskubidea da hauxe”.

Amaiurko herriaren idatzia galdera batekin akitu dute: “Oraingo honetan Amaiurri tokatu zaio… baina ondokoan nori tokatuko zaio?”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun