Akitu da denboraldia BKT Baztan Kirol Taldeko eskubaloi jokalarientzat, eta batzuk denboraldi bikaina egin dute. Kadeteek, erraterako, Nafarroako liga eta kopa eskuratu dituzte. Ligan txapeldunak izanda, Espainiako sektorea jokatzera joan ziren Ermuara (Bizkaia) maiatz hasieran eta han lau talde aritu ziren: Ermuko Errotabarri (Euskal Autonomia Erkidegoa), Anagan Agreda (Errioxa), Sagardia Marina Parc (Kantabria) eta BKT (Nafarroa). Hiru partidatik lehenbiziko biak irabazi zituzten, eta azkena bakarrik galdu, Ermuaren aurka. Talde hau izan zen aitzinerat jarraitu zuena, partida guziak irabazita.
Baina nahiz eta hurrengo fasera ez pasatu, arras kontent bueltatu ziren etxera egindako lanarekin.
Baztango jokalariak hauek izan ziren: Miren Arregi, Amaia Asiain, Amaia Astiz, Ainhoa Astiz, Ane Ballarena, Maitane Barberena, Nerea Etxeberria, Nagore Irigoien, Leire Pacheco, Leire Ramos, Emma Bertiz, Izargi Zumarraga, Ainara Ontsalo, Iratxe Arretxea, Lorea Goienetxe, eta Maialen Goñi. Entrenatzaileak, berriz, Enrike Petrirena eta Ekaitz Lameirihnas.
Handik etorrita Nafarroako kopako txapelketaren finala jokatu zuten, maiatzaren 22an Iruñean egindako eskubaloiaren bestan, baita irabazi ere. Lagunak-en aurka jokatu zuten finala eta nahiko partida parekatua izan bazen ere, azkenean kopa Baztanera etorri zen.
BERTZE TALDEAK
Lehenbiziko mailako taldeak inoiz baino gehiago sufritu badu ere –azken partidan mantendu zuen kategoria– maila mantentzea lortu du. Nafarroako kopan, berriz, finala Atarrabiako Beti Onaken aurka galdu zuen.
Bigarren mailako neskak laugarrenak gelditu dira eta jubenilak seigarrenak.
Haurretan, bertzalde, bigarren urteko kadeteak txapeldunak izan dira, eta lehen urtekoak laugarrenak. Infantiletan bigarren urtekoetan, Lekaroz A taldea laugarren sailkatu da txapeldunen taldean eta Lekaroz B, berriz, bigarren taldean, hirugarren. Alebinak seigarren postuan sailkatu dira.
Infantilak Zarautzera
Infantil mailako Lekaroz B-ko neskak, denboraldiari bukaera emateko, uztailaren 2, 3 eta 4an Zarautzera joanen dira Hondartza eskubaloiko torneoa jokatzera. Horretarako, ordea, sos batzuk ateratzeko boletoak paratu dituzte salgai. Baztango produktuekin osatutako saskia zozketatuko da.