Baztandarren aurkako jazarpen poliziala «areagotu» dela salatu du AAMk

Amaia eta Ainhoa 2010eko ekainaren 8a

«Azkeneko hilabeteotan, polizien kontrolak ugaritu egin dira errepide zein mendi bideetan». Horrela adierazi du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohar bidez. Bere hitzetan, «2010etik honat, kontrolak ehunka zenba daitezke». Eta kontrol horietan, herritarrak «mehatxatu, beldurtu, kolpatu eta kasu batzuetan beraien kolaborazioa ere eskatu dietela» jakinarazi du. Horrez gain, «preso eta Euskal Herriko eskubideak defendatzeagatik baztandarrek salaketa administratiboak jasan dituztela eta milaka euroko isunei aurre egin beharko dietela» ere azaldu du oharrean AAMk.
Elizondoko inauterietako desfilean tortura salatzeko parodia bat egiteagatik lau baztandar Audientzia Nazionalera bidali nahi izan dituztela ere kritikatu du AAMk, «nahiz eta handik Nafarroako epaitegira bidali duten espedientea».
«Jazarpen polizial itogarri hau zertan akituko den jakin ez, eta gertaera larriagoak etorriko diren beldur direla» ere erran dute AAMtik, eta hortaz eskatu dute «baztandarren aurkako jazarpena desagertzeko, gure bailaran askatasun osoz ibil gaitezen». Errepresioa salatzeko asmoz prentsaurrekoa eskaintzekoa zuen joan den larunbatean Elizondon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun