Bizikleta martxaren balorazio baikorra egin du "Aroztegia... eta gero zer?" taldeak

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 8a

Elizondo eta Lekaroz artean egin zuten bizikleta martxa maiatzaren 22an. Utzitako argazkiak

Egitasmoaren kontrako borrokan aldi berri bat ireki dela adierazi du

Aroztegiako proiektuaren kontra, maiatzaren 22an Elizondo eta Lekaroz artean egindako bizikleta martxa «arrakastatsua» izan zela adierazi du Aroztegia... eta gero zer? taldeak ohar bidez. Taldearen irudiko, «jendearen parte-hartze mailak egitasmo honen inguruan dagoen desadostasun eta aurkakotasunaren neurria erakusten du». Horrekin batera, «orain artioko informazio eta sozializazio lanek euren emaitzak eman dituztela eta horren ondorioz, herritarren artean kontzientzia piztu eta herri-mobilizazioan aldia abiatzeko tenorea iritsi dela» gaineratu du.

Gaztetxeko pankarta errea
Ezezagun batzuek Aroztegiako proiektuaren kontra Elizondoko Gaztetxean zegoen pankarta erre zuten maiatzaren 21etik 22rako gauean. Eta hori ere salatu du plataformak. «Ekintza hori azken aldian Aroztegiari buruzko informazioa karriketatik desagarrarazteko abiatu duten testuinguruan kokatzen dugu», dio taldeak, «eta horrek, egitasmo honen izaera inposatzailea, bertze behin, agerian uzten du». Gertatutakoak Gaztetxea arriskuan paratu duela ere krikatu du Aroztegia... eta gero zer? plataformak.

MANIFESTAZIORAKO DEIA
Nafarroa bizirik nahi dugu lelopean, «Nafarroan dauden proiektu txikitzaile-espekulatiboen aurkako» hainbat plataformek deituta manifestazioa eginen da Iruñean ekainaren 26an eta harat joateko deia egin du Aroztegia... eta gero zer? taldeak. Manifestazioa Golem zinematik abiatuko da 18:00etan.

Batzarra
Orain artio egin denaren errepasoa eta balorazioa eta hemendik aitzinera egin beharrekoaz batzarra eginen du Aroztegia... eta gero zer? taldeak ortziralean, hilak 11. Solasaldia 20:30ean hasiko da Arizkunenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun