Elizondoko Puriosenea edo Mairuen Etxean sartzen denak denboran gibelera egiten du. Hamarkada edo mende batzuk gibelera egiten ahal du bisitariak, garai bateko Baztango bizimoduaren erakusgarria diren tresna, irudi, jantzi eta jostailuak biltzen dituzten txokoak ikusten baditu. Edo K.A.ko 2500 edo 2000 urtera arte egin dezake gibelera, patioan dagoen Soalarko iruinarria begiratzen badu.
2003ko apirilean ireki zituen ateak Jorge Oteiza Museo Etnografikoak eta orai, Javier Ziga margolariaren lanak hartzen dituenetik, bisitari kopurua berretu egin da.
Ana Larruy Baztango udal kultur teknikaria eta Ana Mari Marin margolaria eta Museo Etnografikoaren Lagunen Elkarteko kidea izan ditugu gidari museoko bisitan. Beraiek aipatu digutenez, Iturria-Reparaz familiak 2001. urtean eman zion Elizondoko herriari Puriosenea erabiltzeko baimena, Baztango historia eta usadioak bilduko zituen museoa paratzeko. Proiektua 2003an jarri zen martxan eta Jorge Oteiza Museo Etnografikoak urte horretako apirilean ireki zituen ateak. Orioko artista handiak hasieratik sustatu zuen museoa eta izenaz gain, 2002an lorategian ikus daitekeen Amatasuna eskultura eman zion.
30.000 bisitari
Zazpi urte hauetan 30.000 bisitari baino gehiago izan ditu Museoak. Ana Larruyk aipatu digunez, «Aste Santuan mila pertsona inguru pasatu dira, eta zenbait hilabetez obrengatik ere itxia egon da, baina halere, jende aunitz pasatu da». Aurten, Javier Zigaren margolanak ekarri dituzte eta horrek bisitari kopurua berretu duela aipatu digute. Nafarroako Gobernuaren eta Javier Ziga Fundazioaren koadroak daude ganbaran, baina Museo Etnografikoaren txoko bakoitzean ere badaude txoko horren aurkezpena egiten duten koadroak «etortzen denak koherentzia bat ikus dezan», Ana Larruyren erranetan. Artzainari buruzko margolana, artzaintzarekin lotutako tresna etnografikoen txokoan dago; Junta Generalari buruzko margolana, erakunde honen inguruko txokoan… Hain zuzen, txoko hau da Ana Mari Marini gehien gustatzen zaiona: «Junta Generala ballearen jabea zen –dio Elizondoko margolariak–, herri lurrena, guziarena. Gero Udala agertzen da eta zer nahi dute? Juntari boterea kendu. Juntari eskainitako txokoan agertzen dira garai hartako irudiak, mahaiak, nola janzten ziren junteroak, ordenantzak, alkatearen aulkia… Nire enpeinurik handiena txoko honetan jarri nuen, gure iragana eta bertako instituzioen indarra ezagutzeko modu ezin hobea da». Baina bertze zenbait txoko interesgarri baditu Museo Etnografikoak: kirolak, bestak, logela, jantziak, eliza, baserriko tresnak, lanbideak, sukaldea, inauteriak…
Hainbat tresna daude Museoan, baina bertze hainbat udal biltegian utziak daude leku faltarengatik. Kultur teknikariak aipatu digunez, «ganbaran ofizioei buruzko panelak zeuden, baina Zigaren erakusketa jartzeko lekutu behar izan genituen eta horiek bertze solairutan jarri edo udal biltegi batean bilduak daude. Hori da pena bakarra, lekua falta dugunez, ezin dela dena erakutsi».
Puriosenea 15 urterako utzi zuen Iturria-Reparaz familiak eta geroztik bertze urtebeterako luzatu da mailegua. Eta gero zer? «Gauza bat argi dago –dio Marinek–, ardurak hartu behar direla eta arduratzen bazara, hau mantendu egiten da eta lana ikusten da. Baina honetaz arduratzen den lantalde bat izan behar da, eta ez dakit taldea erabat osatu den. Bultzatu genuen lau eroek segitzen dugu, baina boluntarioak nekatu ere egiten dira eta gainbeherak izaten ditugu. Nik 76 urte baditut eta ez nago betirako. Badakien jendea ez bada inplikatzen ez daukagu zereginik».
JAVIER ZIGAREN SOSLAIA
Javier Ziga Etxandi (1877-1960) Iruñean sortu zen. Amaren aldetik eta ezkontz-kontuak zirela eta Baztani loturik zegoen. Baztango paisajea, baztandarrak eta haien ohiturak pintatu zituen. Bere lanaren erroak Erromantizismo ondoan eta Errealismoaren barneratzen dira. Parisen egon zen eta Inpresionismoaren eta Inpresionismo ondoaren erabilera eta teknika berriak ekarri zituen handik. Ia genero eta teknika guztiak landu zituen maisuki. Zigaren pintura doitasun teknikoan eta ongi ikasitako lanbidean oinarritzen da; egiazko pinturatik haratago doa, pintura handi, orekatu eta lasaia egiten baitu. Bere pintura dokumentu soziologiko eta etnografikoa da eta, horri esker, gaur egungo ikuslea ezinbertzean galduriko antzinako mundi baterantz eramaten du.
BILAKAERA ARTISTIKOA
- Lehen aldia. Formazioa (1892-1908)
- Madrilgo aldia (1909-1911)
- Bidaia Europara (1911-1912)
- Parisko aldia: Formazioa eta sendotzea (1912-1914)
- Helduaroa (1915-1936)
- Konpromiso politikoa. Gerra Zibila (1936-1939). Politikoki konprometitua izan zen. Ideia nazionalistekin bat, euskararen eta euskal kulturaren defentsore izan zen. Iruñeko udaleko zinegotzi ere izan zen EAJren izenean. 61 urte zituela torturatu eta urte eta erdiz kartzelan sartu zuten (Kartzelako marrazkiak).
- Azken Aldia (1939-1960)
ANA MARI MARIN, MUSEO ETNOGRAFIKOAREN LAGUNAK ELKARTEKOA
«Elizondarren erdiak baino gehiagok ez du oraindik Museoan daukan altxorra ezagutzen»
Museo Etnografikoaren Lagunek Elkarteko lehenbiziko bazkidea da Ana Mari Marin margolari elizondarra. Jorge Oteiza zenaren lagun handia, Orioko artista bikainak Museoari izugarrizko bultzada eman ziola aipatu digu: «Jorge Oteizak aunitz bultzatu zigun Museo Etnografikoa egiten. Ez lagundu bakarrik, behiei akuiluarekin bezala, horrelaxe ibiltzen zitzaigun… Atarian daukagun Amatasuna eskultura utzi zigun… Aunitz zor diogu». Museoa sortzeko egindako lanaz eta Puriosenean bildutakoaz harro mintzo da, baina oraindik herritar aunitzek ez dutela ezagutzen uste du: «Segur naiz Elizondoko jendearen %50a baino gehiago ez dela museoan izan. Ez dute hemen daukagun altxorra ezagutzen, ez daki honetan egin dugun lanaren berri. Lau «eroek» egin genuen lana. Neronek, Galiziatik hasi eta Euskal Herria bitarte, Kantaurialde guzian ibili nintzen, gurearen gisako museoak bisitatzen. Gero gauzak erosten hasi ginen, hemen nireak diren gauza aunitz daude, bertze batzuk utziak, erosiak, Nafarroako Museoak utzitako koadroak… Sukalde zaharra eraikitzeko jendeari eskatu eta jendeak normalean ez dizu uzten, badaezpada…».
Orai, Javier Ziga margolariaren lanak Museoan edukitzeak balio erantsia eman diola uste du: «Bai Balleko Etxeak, bai Zigaren familiak ere bere ondarea Baztanera ekartzeko gogoa zuen, eta guk proposatu genuen Museo Etnografikoa leku egokia izan zitekeela. Ganbaran lekua egin, argiztapena egokia paratu eta jarri zen». Bera margolaria izanik, Zigaren lana definitzea eskatu diogu, baina arteari etiketak jartzearen zale ez dela aipatu digu Ana Mari Marinek: «Orain bakoitzak bere pelikulak egiten ditu, baina Jorge Oteizak, erraterako, ez zuen bere lanen pelikularik egiten, arrazonamenduak ematen zituen, eta horrek txunditzen ninduen. Zigak ongi margotzen zuela eta bere lana beti gustatu izan zaidala erraten ahal dizut… Balda doktoreari egindako erretratoa goi mailakoa dela iruditzen zait eta hala ez balitz, ez genuke honat ekarriko. Javier Ziga Nafarroako margolari handia izan zela iruditzen zait eta ilusio handia egiten dit bere lana Baztanen edukitzeak». Gainera, Ana Marik pertsonalki ezagutu zuen Ziga: «Elizondon, Meoki etxearen beheko aldean margotzen zuen, erresidentziako xaharrak hartzen zituen, etxera eraman eta modelotzat hartu eta margotzen zituen. Gu hura ikustera joaten ginen eta noizbait askan pintzelak garbitzeko erran zidan. Niretzat handia izan zen, «Tori milioi bat pezeta» erran izanen balit bezalaxe».