Baztango osasun arloko profesionalek, ikastetxeek eta Guraso Elkarteek Baztango Udalaren, Cederna-Garalur elkartearen, Kunsthal eta CRANA Fundazioarekin elkarlanean bultzatutako “Kalera oinez? Doike!” kanpainaren barnean hainbat ekitaldi eginen dira aste honetan ere.
Maiatzaren 31tik ekainaren 13ra bitarte “Pedalkadak iraunkortasunerantz” izeneko erakusketa zabalduko da Arizkunenea Kultur Etxean.
Maiatzaren 31n, astelehenean 20:00etan, “Mugi zaitez! Zure osasunak eskertuko dizu” hitzaldia eskainiko da Arizkunenean, Elizondoko Osasun Zentruko profesionalek egindako txostena oinarritzat hartuta.
Ekainaren 2an, asteazkenean, “Bide segurtasuna bizikletan” tailerra eginen da Elizondon, CRANA eta Oraintxeren laguntzaz. Bi txandatan banatuko dira, 15:30etik 16:30era eta 17:00etatik 18:00etara eta talde bakoitzean 50 lagun izanen dira gehienez.
Ekainaren 3an, ortzegunean 16:30ean, Trokolo antzerki taldearen “Pies para qué os quiero” antzeslana ikusgai izanen da Elizondoko frontoi zaharrean, 9 urtetik goitiko haurrei zuzenduta.
Ekainaren 4an, ortziralean 17:00etan “Jarduera fisikoa eta osasuna” mahai ingurua izanen da Arizkunenean, CRANAko Rafa Aldai moderatzaile dela.
Bertze aldetik, aipatu behar da ekainaren 6an herriz herri egitekoa zen “Martxa Oinez” ez dela eginen orain eta irailerako utziko dela.