Gernika-Lumoko Musika Eskolako bandak emanaldia eskaini zuen larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 27a

Jorge Oteiza Museo Etnografikoan ateak zabalik ez ezik, bisita gidatua ere eskaini zuten Ziga margolariaren bilduma ezagutzeko. Behean, Gernika-Lumoko Musika Eskolako banda, emanaldia eskaini ondotik.

Jorge Oteiza Museo Etnografikoan sarrera doan izan zen Museoen Nazioarteko Egunean

Baztango kultur egitarau zabalaren barrenean, zenbait ekitaldi egin dira azkeneko aste hauetan. Honela, joan den larunbatean Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak emanaldia eskaini zuen maiatzaren 22an, larunbat eguerdian Ahaztuen Plazan. Gernikarrak asteburua pasatzera etorri ziren gure ingurura eta Narbarteko Abentura Park-en eta Xorroxin urjauzia bisitatzen izan ziren. Denborapasaz gain, lanerako tartea ere hartu zuten eta Artur Sustatza zuzendariaren gidaritzapean Penellaren “El gato montés”, Evers-en “Brazilian bay dance”, Moss-en “A Disney Spectacular”, Elfman-en “The Simpsons”, Jose Francoren “Aires Vascos nº2”, Allmend-en “Europa mars”, Moss-en “The Flintstones”, Perez Pradoren “Manbo Manbo”, Aresen “Memory”, Allmend-en “China march” eta Colemanen “Big Spender” jo zuten.

 

Ateak zabalik Museo Etnografikoan

Bertze aldetik, maiatzaren 16an, “Museoak gizarte harmoniarentzat” lelopean ospatu zen Museoen Nazioarteko Egunaren karietara, Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoan sarrera doan izan zen. Goiz eta arratsaldez kaikuak eta gaztanberak, laxoa edo Arizkungo Sagardoaren bestari buruzko DVD emanaldiak izan ziren eta eta arratsaldean, Javier Ziga margolariaren bilduma ezagutzeko bisita gidatua izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun