Elizondon ibai-parkea eginen du Baztango Udalak errekaren inguruan

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 27a

Ibai-parkeak Baztan errekaren ondoan eginen luke ibilbidea. TTIPI TTAPA

300.000 euroko laguntza lortu da Espainiako Gobernutik

Merkataritza eta turismoa indartzeko helburuarekin, hainbat proiektu ditu eskuartean Udalak, eta horien artean daude, Foru Plaza urbanizatu eta Baztan erreka­ meandroa berreskuratuz, ibai-parkea sortzearena.

Virginia Aleman alkatearen irudiko, errekaren ingurua «baztertua eta urbanizatu gabe dago», baina aldi berean, «eremu eder eta lasaia da, paseatzeko eta denbora-pasarako egokia. Horregatik, eta herrigunetik hurbil dagoelako, aukera paregabea duen eremua da».

Kirola egiteko aukera eskainiko lukeen ibai-parkea egin nahi du Udalak, Jaime Urrutia Karrikaren inguruan zirkuitu itxi bat eginez, eta oinezko eta txirrindulariei garrantzia emanez: Pedro Axular Karrikan hasiko da ibilbidea, erreka parean, eta bidean, zoladura eta toki berdeak tartekatuko lituzkete. Pedro Axular Karrikaren amaieran, plaza bat eraiki nahi da, eta aire librean, gimnasio bat.

Hortik aitzinera, bi metro zabaleko bidea egokituko litzateke oinezko eta bizikletendako, meandroa alde batetik bertzera zeharkatuz, Pedro Axular Karrikatik parkeraino. Zati honetan egurrezko pasabideak paratu nahi dira erreka gainean. Pergola batekin itzal eremu bat ere sortuko litzateke, bankuekin. Bideak frontoi luzera segituko luke, eta inguru horretan skate pista bat eraiki nahi da, baita zuhaizti bat ere. Merkatuko Plazara ailegatuta, hemen bertze pergola bat egin nahi da, eta hortik aitzinera, Jaime Urrutia Karrikarekin lotuko litzateke ibilbidea.

Ibai-parkea egiteak 1,298 milioi euroko gastua sortuko luke, baina NaBaik estatuko aurrekontu orokorretan egindako zuzenketaren bidez, 300.000 euro lortu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun