Elizondoko inauterietan torturaren parodia bat egiteagatik lau baztandar epaitu nahi dituzte

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 26a

Baztango Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jazarpen poliziala areagotu dela ere salatu du

Elizondoko ihauterietako desfilean tortura salatzeko parodia bat egiteagatik lau baztandar Audientzia Nazionalera bidali nahi izan dituztela salatu du Baztango Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, nahiz eta handik Nafarroako epaitegira bidali duten espedientea.

 

«Jazarpen polizialaren areagotzea»

Baztanen,  herritarren aurkako jazarpen poliziala azken aldian izugarri areagotu egin dela ere adierazi du Baztango Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Erakunde honek dioenez, azkeneko hilabetetan, polizi kontrolak ugaritu egin dira errepide zein mendi bideetan, aurten, kontrolak ehundaka zenbatzen direlarik. “Kontrol hauetan herritarrak mehatxatu, beldurtu, kolpatu eta kasu batzuetan beraien kolaborazioa eskatu ere” egin dutela salatu du Mugimenduak. Honi preso eta Euskal Herriko eskubideak defendatzeagatik hamarka baztandar salaketa administratiboak jasan dituztela eta milaka euroko isunei aurre egin beharko dietela gehitu behar zaio.

 

Guzti hau ikusita, jazarpen polizial itogarri hau zertan bukatuko den jakin ez , eta gertaera larriagoak etorriko diren beldur da Baztango jendartea, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dioenez.

Hortaz, Baztandarren aurkako jazarpenaren desagertzea eskatu du, “gure bailaran askatasun osoz ibili gaitezen”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun