Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Lekarozko Aroztegiko egitasmoaren kontrako bizikleta martxa arrakastatsua izan zen

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 27a, 12:13

Aroztegiko egitasmoaren kontra hainbat txirrindulazale ibili zen larunbatean Elizondo eta Lekaroz artean. Fermin ETXEKOLONEA

Egitasmoaren kontrako borrokan aldi berri bat ireki duela uste du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak

Larunbatean, Aroztegia…eta gero zer? Taldeak deituta “Aroztegiko egitasmo «urbanistiko eta espekulatzailea» geldiarazteko bizikleta martxa arrakastatsua egin zen. Tropel jendetsua, alaia eta koloretsua osatu zen, eta  Elizondo eta Lekaroz arteko bidea egin zuten. Jendearen parte hartze mailak egitasmo honen inguruan dagoen desadostasun eta aurkakotasunaren neurria erakusten duela uste du Plataformak, baita  orain artioko informazio eta sozializazio lanek euren emaitzak eman dituztela eta horren ondorioz, herritarren artean kontzientzia piztu eta herri-mobilizazioen aldia abiatzeko tenorea iritsi dela ere.

Nolanahi ere, herritarren artean egitasmoak duen aurkakotasuna lehendik ere agerian zegoela azpimarratu du Aroztegia…eta gero zer? Taldeak. «Lekarozen egin zen herri galdeketan parte hartzaileen %67 egitasmoa ahalbidetuko zuen lurren birkalifikazioaren kontra agertu baitzen. Gainera, martxoaren erdi aldean, Baztango hamabortz eragilek proiektua behin behinean gelditzeko eskatu bidenabar, haren gaineko herri-eztabaida galdegin zuten. Atxiki diren taldeen artean aipagarria da Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak zeudela (EHNE, eta Baztan-Bidasoako ELA eta LAB), eta Baztango bertze eragile erreferentzialak ere bai».

Plataformaren ustez, «egitasmoaren inguruko desadostasuna hasieratik agerikoa izan bada ere, NaBai buru duen Baztango udaletxeak egitasmoarekin itsuki aitzinerat jarraitzen du, herritarren iritziari bat ere kasurik ere egin gabe, eta modu horretan interes pribatu espekulatzaile-urbanistikoekin bat eginez». Egitasmoaren ezaugarriak ere oroitarazi dituzte: Lekarozko Aroztegia eremuan, 40 hektareako lur ez hirigarrian eta Udal Planetik kanpo, 252 etxebizitza egin nahi dituzte, golf belaia eta luxuzko hotela eraberritutako jauregi zahar batean. «Funtsean, –dio Aroztegia… eta gero zer? taldeak– solasak solas, hirigintza egitasmo bat bertzerik ez da, pelotazo arrunt bat. Bertzalde, hirigune berri horrek 750 pertsonako bizigune berria sortuko lukeela aipatu behar da, Baztango 16. herria izanen litzatekeena. Etxebizitzen %38 hutsik edo bigarren etxebizitza den testuinguru batean arrontean ulergaitza. Guzti horrek, bistan denez, jendarte, lurralde eta ekonomia mailan ondorio larriak eta gibelerat bueltarik gabekoak ekarriko lituzke».

 

Pankarta errea

Bertzalde, lehengo ortziral eta larunbat gaua bitartean gertaturikoa ere salatu dute, “zeren,  Elizondoko gaztetxean Aroztegiako egitasmoa salatzen zuen pankarta erre baitzuten ezezagun batzuk. Ekintza hori azken aldian Aroztegiari buruzko informazioa karriketatik desagarrerazteko abiatu duten testuinguruan kokatzen dugu, eta horrek, egitasmo honen izaera inposatzailea, bertze behin, agerian uzten du. Aipatzekoa da, halaber, ekintza horrek gaztetxea bera arriskuan paratu zuela”.

Egitasmoaren kontrako bere jarrera berretsi, eta gainera, “larunbateko ibilaldi arrakastatsuak akuilaturik, egitasmoaren kontrako lanean aldi berri “ iragarri du Aroztegia… eta gero zer? taldeak, herritarren mobilizazioa oinarri izanen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun