«Historia errepikatzea ez dugu inork nahi, baina ez errepikatzeko lehenik eta behin ongi ezagutu egin behar da». Halaxe adierazi zuen Martin Gardek Baztan Frankismoaren Garaian erakusketaren aurkezpenean. Juainas Paul Arzak Lekarozko institutuko historia irakaslearekin batera egin zuen prentsaurrekoa eta nabarmendu zutenez, «duela 30 urte arte isiltasun eta iluntasun handia zegoen eta honelako erakusketak hainbat etxeetako istorioak azaleratzen laguntzen du». Erakusketa ortzegun hau, hilak 27, bitarte Arizkunenea Kultur Etxean egonen da. Institutuko ikasle eta irakasleek 20 urteotan argazki, irudi eta eta idatzizko testigantzak bilduz egindako lan mardula da, eta 1936tik 1975erako garai gogor hura jasotzen duena.