Francisco Joakin Iriarte zahar-etxean eguneko zerbitzua paratu du martxan Iruñeko IDEA enpresak, 2009ko uztailetik zahar-etxearen kudeaketaz arduratzen den enpresak. Gizarte Ongizate Departamentuaren oniritzia hartu ondotik, 15 plaza sortu ditu adineko eta mendekotasuna duten pertsonendako.
Egoitzan behin betiko sartu ordez, proposatzen den alternatiba da eguneko zentroarena, eta horren bidez, erabiltzaileek eguna zahar-etxean pasa dezakete, eta arratsean familiarengana bueltatu lo egitera. Zaintza orokorra, osasun kontrola, funtzioen errehabilitazioa, lan bidezko terapia animazio soziokulturala, jangela... Hainbat zerbitzu eskaintzen dira.
Erabileraren iraupena ere diferentea izan daiteke: hilabete baterako edo egun bakarrerako. Hilabete osoaren kostea 550 eurokoa da, egunean zortzi orduko zerbitzua aukeratuz gero, eta 300 eurokoa, lau ordurako nahi izanez gero. Egun bakarreko prezioa, berriz, 40 eurokoa da.