«Ordenantzak berritzeko egoera ez da egokia izan». Hala adierazi zuen Ezker Abertzaleak hilaren 19an, Ordenantzak berritzeko prozesuaren harira, Elizondon egindako agerraldian. Historian, jendartean Ordenantzek «erabateko garrantzia» izan dutela azpimarratu zuen eta hortaz parte hartu nahi izan dutela berritzerakoan: «legeak aitortzen dio Baztani arautzeko aukera berezia, Ordenantzetan bilduz gauzatuko dena. Aukera hori ez da soilik komunalak kudeatzeko, baizik eta Baztanen gobernatzeko eta administratzeko ahalmen osoa ematen duena da».
Ezker Abertzalearen irudiko, Ordenantzak berritzeko egin ziren 14 bileretan, «Baztango jendartearen %15 guttienez baztertua gelditu zen Baztango Instituzioetatik, NaBai eta UPNk hala erabaki baitzuten». Eta gaineratu zuenez, «makurrena» zera da: «NaBaik eta UPNk ez dute inolako asmorik agertu jendartearen elkarbizitza garatzeko, baizik eta lege faxistetan oinarritutako inposizio bidea eramaten ari dira»
22 alegazio aurkeztuta, «kezka eta interesa» badagoela nabarmendu zuen agerraldian Ezker Abertzaleak, baina Udalaren jarrera, «onartezina» dela erran zuen, «ze alegazio egin dituen ikusirik. Berriz ere frogatu du gauza garrantzitsuenekin Batzar Nagusiaren gainetik jarri nahi duela bere burua». Ordenantzak Berritzeko Batzordeetan lortu ez duena «dekretuz inposatu nahi duela» leporatu zion. «Larriena», halere, «Ezker Abertzaleko ordezkaria bazterrean geldituko den bertze Batzorde bat planteatu izana da».
Ezker Abertzalearen hitzetan, «Baztango jendarteak bertzelako Baztan bat nahi du, jendearen parte hartzeko aukera ematen duena, erabakiak Baztango interesen alde hartuko direnak».