Arizkun eta Erratzu arteko bidea obretan dago. Arizkun herritik Xamarreko bordaraino bidean zementua bota zen Udalaren akordio baten bidez. Baina Xamarreko bordatik Erratzuko kanposanturako zatia egin gabe gelditu zen, bere egoera tamalgarria izan arren. Honen beharra ikusita, Erratzuko alkateak auzolanera deitu zituen herritarrak, eta hilabete batez, bidea prest eta berritua uztea espero dute. Lehenbiziko zatia egina da eta aste hondar honetan, gelditzen dena akitzea espero dute. Hori bai, kontuan hartu beharko da, bi astez ezin izanen dela gaineko bidetik ibili. Bide batez, Erratzuko alkateak herritar guzien parte-hartzea eskertu nahi izan du.