Garikoitz ATXA ‹ Almandozko txirrindulari afizionatu ohia

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 25a, 13:04

Utzitako argazkiak

Non moldatzen zara hobekien, bizikleta gainean ala paper tartean?
Bizikleta gainean, dudarik gabe.
Lizarteko zuzendari nolatan?
Barreneko harrak eskatzen zidan mundu horretan segitzea, eta nahi hori asetzeko, asteburuetan, orain arte taldekideak zirenekin zuzendari lana egiten dut.
Zuzendari izanik, zerk ematen dizu buruhausterik haundiena?
Zenbait momentutan ni bolantearekin egotea, eta ez lasterketan, taldean hutsuneak ikusi eta batzuetan tapatzen ahalko nituzkeela pentsatzeak.
Zergatik utzi zenuen bizikleta?
Garbi nuen ez nintzela edozein preziotan pasako profesionaletara, eta aukera hori ez zelako ailegatzen erabaki nuen uztea.
8 urte afizionatuetan. Garairik onena zein?
Azken lau urteak.
Lehen bezala zaintzen al zara orain?
Inondik ere ez. Horrekin ez dut erran nahi nire burua utzi dudanik. Kirola gustuko dut eta egunero ez bada, astean hiruzpalau egunez korrika edo bizikletan ibiltzen saiatzen naiz.
Profesionaletan dopina eta positiboa maiz somatzen dira. Eta afizionatuetan?
Kontrolik ez dagoen bitartean, ez da ikusten zer dagoen, eta afizionatuetan, zoritxarrez, kontrol gutti dago. Arazoa azpitik konpondu behar da eta horretarako kontrol gehiago behar dira B mailan.
Baduzu bertze afiziorik?
Gehiegi! Denbora gutti dut ditudan afizioetarako: ehiza, zakurrak, kirol gehienak, motorra, etxean egon, neskalagunarekin egon... Bestara izan ezik, ia denetara.
Almandozko bestetan, lana edo besta?
Besta!
Bestetako onena?
Mahai giroa. Herri ttikiotan bestarik haundiena mahai giroan egiten da.
Almandoztarra ala baztandarra, zer sentitzen zara lehenago?
Almandoztarra, dudarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun