«Oinez mugitzeko ohitura galdu eta eritasun kronikoak ugaritu dira»

Aitor AROTZENA 2010eko maiatzaren 25a

Ana Ariztegi erizaina eta fisioterapeuta, kanpainaren berri ematerakoan. Aitor AROTZENA

Kalera oinez? Doike! kanpaina abian da Baztanen eta lelo horren pean egunerokotasunean ariketa fisikoa txertatzea helburua duen ekimena dago. “Gure osasuna zein gure herrietako bizi baldintzak hobetzearren” osasun arloko profesionalak, ikastetxeak eta guraso elkarteak, Baztango Udala, Cederna-Garalur elkartea, Kunsthal eta CRANA fundazioa elkarrekin lanean aritu dira hainbat ekintza antolatzeko asmoz. Elizondoko Osasun Zentroaren izenean Ana Ariztegi erizain beratarrak eman digu ekimenaren berri.

BI URTEKO EGITASMOA
«Egitasmoa bi urtez egiteko pentsatua dago. 2009-2010 ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta hauen gurasoekin lantzen ari gara eta hurrengo ikasturtean nerabeekin ariko gara, institutuetan eta lanbide heziketa zentroetan, baina haurrekin ere segituko dugu lanean eta gainerako bizilagunekin, orokorrean»

Ariketa egitea bultzatzeko proiektua 2009ko urrian abiatu zenuten Elizondoko Osasun Zentrutik. Zein urrats eman dituzue?
Urtero biltzen gara eta dauden beharrak aztertzen ditugu. Horren arabera, urtean egiten diren ekitaldiak finkatzen ditugu Elizondoko Osasun Zentruko Osasunerako Heziketa Batzordean. Oraingoan, egunerokoan jarduera fisikorik ez dela egiten somatu genuen.  Arazo handia da eta ikastetxeekin elkarlanean aritzea pentsatu genuen, horiek ere arazo beretsua antzeman baitzuten. Udalarekin harremanean jarri ginen eta hau ere Cederna-Garalurrekin mugikortasun jasangarriaren afera elkarlanean ari zen. Beraz, bakoitza bere aldetik ari ginen eta elkar hartu eta proiektu hau landu genuen eta harremana izan dugu mendigoizaleekin, CRANArekin, Bertan merkatari elkartearekin…
Batez ere nerabeetan somatu omen duzue ariketarik ez dela egiten… Egoera kezkagarria dela iruditzen zaizue?
Nerabeak futbolean, saskibaloian edo txirrindularitzan aritzen dira, baina ez dira toki batetik bertzera oinez joaten, ez dute eskailerak igo edo jausteko ohiturarik, autobusean joaten dira Elizondotik Lekarozera… Gauza beretsua gertatzen da helduekin ere, seme-alabak autoarekin edo motoarekin eramaten baitituzte ikastetxetara. Egoera nahiko kezkagarria da, pertsona hauek beraien seme-alabak heziko dituzten gurasoak izanen baitira etorkizunean. Ariketa fisikoa egunerokotasunean txertatzen saiatu behar dugu eta ez dezatela zama bat bezala ikusi, ohitura osasuntsu gisara baizik.
Eritasun kronikoak edo haurren loditasuna aipatu duzue… Arazo hauek gehiagora egin dute azken aldian?
Nafarroan eritasun kronikoen (hipertentsioa, diabetea, dislipemia, loditasuna…) iraunkortasuna nabarmen igo da azken urteetan, hau da, gero eta pertsona gehiagok dauzkate eritasun horiek eta hori osasungarriak ez diren bizi-ohituren ondorio da, dieta ez osasungarria edo egoneko bizimoduarengatik.
Nola lortzen da ariketa fisikoa gure eguneroko bizimoduan sartzea?
Eguneroko ariketa horrek onurak ekartzen dizkigula mentalizatuz eta kontzientziatuz. Helburu ttikiak lortzen saiatu behar dugu, etorkizunean onura indibidualak ekarriko dizkigutenak.
Autoetan mugitzea hirietako arazoa dela iruditzen zaigu, baina gureak bezalako herri ttikietan ere somatzen da?
Gaur egun hirietan kontzientzia handiagoa daukate harat-honatean oinez edo garraio publikoa erabiliz ibiltzeko. Beharbada aparkatzeko arazoak ere ohiturak aldatzera behartu du jendea. Aldiz, herri ttikietan denerako erabiltzen dugu autoa, aparkatzeko arazorik ez delako. Baina pertsonentzat ez ezik, herrietako osasunarentzat ere hobea da autoa gero eta guttiago erabiltzea.
Ohitura horiek aldatzea posible ikusten duzu edo sobera barneratuak ditugu jendartean?
Gure helburua ohiturak aldatzea da eta hainbertze gizarte eragileren partehartzea lortu dugunez, errazagoa izanen da, gero eta kontzientzia handiagoa dagoela erakusten baitu. Egoneko bizimoduak ekartzen dituen arazoei buruzko solasalfiak, eskolako bideak, tailerrak eta hainbat ekimen prest ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun