Euskarabideak eta Xaloa Telebistak hitzarmena sinatu dute Euskararen Mediatekako funtsak hobetzeko

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 24a

Xaloa Telebistako Joseba Igarabide eta Euskarabideko Xabier Azanza, hitzarmena sinatzerakoan. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak 10.000 euro jarriko ditu Baztango euskalkiaren ikus-entzunezko 100 orduko materiala eskuratzeko

Euskarabideko zuzendari gerenteak, Xabier Azanza Arbizuk, eta Baztango Xaloa kultur elkarteko ordezkariak, Ioseba Igarabide Huartek, hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako Euskararen Mediatekako funtsak hobetzeko.

Hitzarmenaren arabera, Euskarabideak 10.000 euro emango dizkio Xaloa kultur elkarteari, eta elkarteak, trukean, Baztango eskualdean egiten den euskalkiaren, hau da iparraldeko goi-nafarreraren, ikus-entzunezko 100 orduko materiala emango dio Euskarabideari. Helburua da, hain zuzen, Mediatekan euskalki horrek daukan hutsa betetzea. 

Xaloak funtsean dauzkan herri guztietako grabazioak emango dizkio Nafarroako Gobernuari; grabazioek, betiere, interesgarriak izan behar dute euskalkiaren aberastasun aldetik eta eduki etnografikoaren aldetik.

Euskarabideak hitz eman du elkartearen ikus-entzunezko funtsak erabiliko dituela ikerketak eta azterlanak egiteko eta sustapen eta hedakuntza jardueretarako; hori, Nafarroako Euskararen Mediatekako zereginen arabera, euskara eta euskalkiak babesteko, berreskuratzeko eta garatzeko. Euskarabideak, funtsak beste edozertarako erabili nahi izanez gero, jabeen baimena beharko du. 

Hitzarmen hori Nafarroan euskara berreskuratzeko eta garatzeko Euskararen Foru Legearen helburu orokorraren esparruan dago. Izan ere, legearen arabera, foru erkidegoko euskalkiak errespetatu eta babestu egin behar dira.  

Hitzarmena, gainera, bat dator kultur elkartearen helburuekin: estatutuen arabera, elkartearen helburuetako bat da euskara hedabideetan sustatzea. Testuaren arabera, elkarteak, dagokion jardunean, ikus-entzunezko artxibo “garrantzitsuak” bildu ditu, Baztango euskalkiak babesteko “oso baliagarriak”; kontuan hartu beharra dago, gainera, gaur egun ikus-entzunezko euskarriekin lan egiten duen erakunde bakarra dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun