Lekarozko egitasmoaren kontrako bizikleta martxa antolatu du larunbatean "Aroztegia… eta gero zer?" Plataformak

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 20a

Plataformaren ustez, Baztango lurraldearen desegituraketa eta ondorio sozial sakonak ekarriko lituzke Aroztegiako proiektuak. TTIPI TTAPA

"Eman pedalazoa Aroztegiako pelotazoari" izenburupean

Lekarozko Aroztegiako egitasmoaren kontra, maiatzaren 22an bizikleta martxa antolatu du Aroztegia… eta gero zer Plataformak, “Eman pedalazoa Aroztegiako pelotazoari” izenburupean.  Larunbatean 10:30ean abiatuko da martxa Elizondoko plazatik eta Elbete, Elizondo, Lekaroz, Tellari (gosaria 11:30ean), Oharriz eta Iruritan barna ibili ondotik, Elizondora bueltatuko dira.

 

Aroztegiako egitasmoa Baztango interesen kontrakoa dela adierazi du berriz ere Plataformak, “eta azken aldian hain arruntak egin diren pelotazo urbanistiko bat bertzerik ez dela, hori bai, sustatzaileak ederki aberastuko dituena, baina Baztango lurraldearen desegituraketa eta ondorio sozial sakonak ekarriko dituena”. Horregatik egitasmoa gelditzeko eskatu du, “orain hilabete pare bat Baztango eragile sindikal, sozial, kultural eta politiko desberdinek egindako eskaria berretsiz”.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun