Baztango Ordenantza berrien harira herritarrrek eta erakundeek egindako alegazioak eta Baztango Udalak berak egindako alegazioaren balorazioa egin zuen maiatzaren 19an, asteazken eguerdian Ezker Abertzaleak.
Historian Ordenantzek izan duten garrantzia azpimarratu ondotik, azken hamarkadetan horiek berritzeko eta Batzar Nagusiari eta Zinpeko alkateei ardura eta konpetentzia gehiago emateko ekukiekin hornitzea eskatu izan da. Baztango kasuan, legeak aitortzen dio Baztani arautzeko aukera berezia, Ordenantzetan bilduz gauzatuko dena. Ezker Abertzaleak uste du aukera hori ez dela soilik komunalak kudeatzeko, “baizik eta Baztanen gobernatzeko eta administratzeko ahalmen osoa ematen duena”.
Hau dena kontutan edukiz, Baztango Ezker Abertzaleak erabaki zuen Ordenantzak berritzeko prozesuan parte artesa eta “herritarren parte hartze zuzena aldarrikatzen dugun heinean, Baztango Ordenantzak gobernu horizontala garatzeko aukera ere ematen dute, eta aukera hori bere ondorio zabalenera eramateko apustu garbia egiten dugu”.
Hamalau bilera burutu ditu Ordenantzak berritzeko Batzordeak. Ordenantzak berritzeko egoera ez da egokia izan Ezker Abertzalearen ustez, “Baztango jendartearen %15, guttienez, baztertuta gelditu zen Baztango Instituzioetatik, NaBai eta UPNk hala erabaki bai zuten. Eta makurrena, NaBaik eta UPNek ez dute inolako asmorik agertu Baztanen jendartearen elkarbizitza garatzeko, baizik eta lege faxistetan oinarrituta inposizio bidea eramaten ari dira”. Hala eta guztiz, 14 bilera hautan zenbait ekarpen interesgarriak egin izan dira eta herrietako alkateek ere aukera izan dute gabezi nagusienak mahairatzeko, eta nahiz eta ez diren denak artikulatuak izan gogoeta moduan aktetan bilduak izan dira.
22 pertsonek edota erakundek aurkeztu dituzte beren alegazioak. Erran daiteke Baztanen badagoela kezka eta interesa bertako Ordenantzekin. Baina aldi berean, Ezker Abertzalearendako onartu ezina da Udalaren jarrera, ze alegazio egin dituen ikusirik. “Berriz ere frogatzen du gauza garrantzitsuenekin Batzar Nagusiaren gainetik jarri nahi duela bere burua, Udalarena, eta ez Batzar Nagusiaren barne. Hau da, lege inposatzaile eta bertikalen alde egiten duela eta ez baztandarren elkarbizitzaren alde. Bertze alde agertzen du ere Batzordearekiko errespetu falta; Bertan lortu ez duena dekretuz inposatu nahi baitu. Hau da NaBaik eta UPNek erabiltzen duten demokrazia; Beren asmoak ez badira onartzen, inposatu egiten dute, Diktaduran moduan” adierazi zuen Julen Mitxeltorenak.
«NaBaik eta UPNk apartheidean bertze pausu bat eman dute»
Eta azkenik, larriena, Ezker Abertzalearen arabera, “NaBaik eta UPNk apartheidean bertze pausu bat ematen dute. Lehenago zegoen Batzordea nonbait ez dute gustukoa, eta Ezker Abertzaleko ordezkaria bazterrean geldituko den bertze Batzorde bat planteatu baitu NaBaik, maiatzaren 5ean burutu den Batzar Nagusian. Planteamendu honek iruzurra egiten dio aintzineko Batzordeak onartutako prozedurari. Maltzurra benetan bi alderdi hauen jarrera Baztanen”.
Ezker Abertzaleak ikusten du Baztango jendarteak bertzelako Baztan bat nahi duela, jendearen parte hartzeko aukera ematen duena, erabakiak Baztango interesen alde hartuko direnak, izaera propioan oinarritutako garapena behar duena. “NaBaik eta UPNek planteatzen dituzten Ordenantzak ez diote aukerarik ematen Batzar Nagusiari, urteko aurrekontuak onartzeko, Baztango proiektuez solasteko, osasungintzari buruz deus egiteko, Udal plangintzari buruz deus errateko, azpiegiturari buruz inolako erabakirik hartzeko… Azken finean, legeak berak ematen duen aukera zokoratu nahi dute, Baztango jendartearen kalterako”, Mari Karmen Irungaraik aipatu zuenez.