Iazko arrakasta ikusita eta egoera ekonomikoak berdintsu segitzen duelako, aurten bigarren aldiz Behikaka. com ekimena antolatu du Xorroxin Irratiak. Zozketa berezia irratiaren egoitza parean dagoen belaian eginen da, uztailaren 24an. Zelaia 50x100 zentimetroko neurria duten 2.500 laukitxoan banatuko da, eta laukitxo horiei dagozkien boletoak salgai jarri dituzte. Eskualdeko ostatu eta komertzioetan eskura daitezke bortz eurotan, baina Internetez edo telefonoz ere eska daitezke.
Sariak
Sariak banatzeko arduradunak pirinioetako arrazako hiru behin izanen dira, eta banatuko direnak ere hiru sari izanen dira. Behi kakak erabakiko du zein diren irabazleak, bakoitzak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen baita sari bakoitzaren irabazlea. Zalantzak argitzeko arauak ere badira, eta hiru epaile arduratuko dira epaia emateaz. Kaka egiten ez badu, zozketa bidez erabakiko da.
Egunari bertzelako ukitua eman nahian, musika, bertsolariak, zueneko irratsaioa, jokaldien komentarioak, ostatua... ere izanen dira.
Lehenbiziko lotean hauek dira sariak: Donostiako Miramon Arbelaitz jatetxean, bi lagunentzat afaria; Fiteroko bainuetxean, bi lagunentzat hiru eguneko egonaldia pentsio osoan; Arabako Kanpezuko Ibernalo landetxean, bi lagunentzat bi gau eta bi gosari; Lur-lan produktu lotea eta Irungo Oiasso Museorako zortzi sarrera.
Bigarren lotea: Hondarribiako Ramon Roteta jatetxean bi lagunentzat otordua; Nekatur landetxean bi lagunentzat bi gau eta bi gosari; Kantabriako Quijaseko Posada de Vinuevan bi lagunentzat bi gau eta bi gosari; Aroa ardo lotea eta Irungo Oiasso Museorako zortzi sarrera.
Hirugarren lotea: Donostiako Artzak jatetxean, bi lagunentzat afaria; Castillo de Gorraiz hotelean, bi lagunentzat spa, afaria, logela eta gosaria; Arabako Samaniego Jauregian: bi lagunentzat gaua eta gosaria; Laket Bioren produktu lotea eta Irungo Oiasso Museorako zortzi sarrera.
Uztailaren 24an, ostatuko tragoxken truke sariok ere zozketatuko dira: Zumaiako Talasoterapian hamar lagunentzat zirkuitoa; Izabako Txapatera landetxean, sei lagunentzat asteburuko egonaldia eta Aizarozko Ostatuan bi lagunentzat afaria.