Lekarozko Aroztegia Jauregiaren eremuan golf-zelaia, hotela eta etxebizitzak egiteko proiektuak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren aldeko txostena hartu du. Aldeko txosten hori Hirigintza Planean aldaketa jakin bat egiteko beharrezkoa zen, 16 hektareako golf-zelaia, 252 etxebizitza eta sei aparthotel egiteko erabiliko diren lurrak urbanizagarri sailkatzeko aldaketa, hain zuzen. Ingurumen Sailak ingurumenaren aldetik egin beharrekoari «bideragarria» dela iritzi dio, «baina hobeki integratzeko neurri batzuk aplikatu beharko dira». Hala ageri da apirilaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Neurriak
Proiektuaren bultzatzaileak ingurumenari erreparatu beharko dio. Hartu beharreko neurrietako batzuk hauek dira:
NAOn ageri denez, «bi erreken bazterretan banda zabal samarrak mantenduko dira, lurzorua aldatu gabe. Bideak, aparkalekuak direla-eta egindako betelanak eta lur-mugimenduak saihestuko dira. Hori Telleria eta Labadero erreken ezkerreko bazterrean diren etxebizitzetarako lursailen eremuan aplikatuko da bereziki».
Horrez gain, «neurriak hartuko dira urbanizazioa paisaian integratzeko eta interes haundiko zuhaiztiak errespetatzeko», dio aldizkari ofizialak. Inpaktu bisuala murrizteko neurriak ere hartu beharko dira, eta harri-lubeten gehieneko altuera ere mugatuko da. Errekak eta landaretza ahalik eta guttien ukitzeko, errekak gurutzatzen dituen ureztaketa sareko hoditeriaren antolamendua lekuz aldatzea ere proposatu da.
Bertzalde, Telleriko garbitokia eta iturria eta San Martzial ermita mantendu eta zaharberritzea proposatu da NAOn.
«EZ GAITU HARRITU»
Gobernuak ingurumen eraginaren azterketari ongi-ikusia eman izanak «zoritxarrez, ez gaitu batere harritzen». Hala adierazi du Aroztegia... Eta gero zer plataformak ohar bidez. Salatu duenez, «horrelako egitasmoetan Gobernuaren jokamoldea enpresen interesen araberakoa izan da beti». Plataformaren hitzetan, Aroztegiako egitasmoa, bereziki «auzi soziala» da: «Baztanen herri berri bat nahi dugu? Baztanek 252 etxebizitza gehiago behar ditu 850 hutsik dituenean?».
Horrekin batera, egitasmoa baimentzeko «ardura osoa Udalarena dela» iritzi dio, «ingurumen eragin azterketaren ebazpenaren gainetik egitasmoari ezezkoa eman diezaioke». Gaineratu duenez, «baztandarren interesen araberako herri eredu baten aldeko hautua egin dezake, nahiz eta zoritxarrez, espekulatzaile diru-gose batzuekin aliatu dela irudi duen».
Proiektua «Baztango interesen kontrakoa» dela uste du plataformak, «lurraldearen desegituraketa eta ondorio sozial sakonak ekarriko dituena. Horregatik gelditzeko eskatzen dugu».