"Baztan Frankismoaren Garaian" erakusketa zabaldu da Arizkunenea Kultur Etxean

Aitor AROTZENA 2010eko maiatzaren 12a

Martin Gardek eta Juainas Paulek aurkeztu dute erakusketa ikusgarria. Aitor AROTZENA

Maiatzaren 23ra bitarte, Lekarozko instituko ikasle eta irakasleek urteetan egindako lana ageri da

Baztan Frankismoaren garaian izeneko erakusketa zabaldu da maiatzaren 11n Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eta maiatzaren 23ra arte ikusgai izanen da Lekarozko institutuko ikasleek, argazkiz, irudiz eta idatzizko testigantzak bilduz egindako lan mardula.

Hain zuzen, Juainas Paul Arzak historia irakaslea eta Baztango euskararen bilakaeraren berri bideo batean ematen duen Martin Gardek eman dute erakusketaren berri prentsaurrean. Juainas Paulk aipatu duenez, “Hainbat urtetako lana da eta Frankismoari dagokiona, bereziki 2003tik 2007ra DBHko laugarren mailako ikasleek bildutako testigantzetan oinarritzen da. Testigantza horiek erabiliz aipamen labur batzuk bildu ditugu erakusketan, bizimodua arruntaren puntu nagusiak eta bere bilakaera agertzen dutena. Ikasleek beraien gurasoei eta gehienetan aitatxi-amatxiei elkarrizketak egin dizkiete eta zenbait gauza harrigarriak suertatu zaizkie: telebistarik gabe bizitzea, autorik gabe… Transizioari buruzko elkarrizketak ere badaude”. Bertze atal bat, ikasleek baino irakasleek prestatutakoa da, Mikel Ozkoidi, Mikel Rodriguez, Iker Frias, Iñaki Arrese eta Ana Gonzalezek egindako lana.  Gai bereziak dira edo espezializazio bat eskatzen dutenak: makiak inguruan izan zuen eragina, Frankismoaren interpretazioa komikien bidez… “Fernando Mendiolak Frankismoaren esklaboak atalean lagundu digu eta jende aunitz zirikatu eta mugiarazi dugu: Martin Gardek euskararen bilakaera Baztanen azaldu zigun elkarrizketa baten bitartez, Lander Santamariak Gorramendiko basean amerikarrek Baztanen izan zuten presentzian lagundu digu…” aipatu du historia irakasleak.

 

Martin Gardek erran duenez, “historia errepikatzea ez dugu inork nahi, baina ez errepikatzeko lehenik eta behin ongi ezagutu egin behar da”. Alde horretatik, duela 30 urte arte etxeetan ez zela gerrari buruzko solasik egiten gogoratu du, “ixiltasun eta iluntasun handia zegoen eta honelako erakusketek hainbat etxeetako istorioak azaleratzen laguntzen du”.

 

 

Erakusketa ederra

Duela 20 urte, Lekaroz Institutuko Gizarte Zientzien Departamentuak, ikasleen bidez, ahozko iturrien bilketa hasi zuen. Asmo handiko proiektua zen, eta lekukotasun hauen grabazioek gauza aunitz ahalbidetuko zituzten: baztandarren bizitzen istorioak irautea, Errepublikan, Gerra Zibilean, Frankismoan eta Trantsizioan bizitakoak, desagertzear dauden ohiturak berreskuratzea, eta hurbil litezkeen ikertzaileentzat bertako euskalkien erregistroa uztea.

Helburu horiek bete direla uste du Juainas Paulek. Bildutako grabazio kopuruak hori frogatzen du “Baztan Frankismoaren garaian” erakusketa, urte hauetako guztietako lanaren fruitu da. Lan honen bitartez, 1936tik 1975era doan garai gogor horretan, gure inguruaren irudi eta idatzizko testigantzak ezagut ditzakegu, eta belaunaldi zaharragoen kasuan gogora ekarri.

Eguneroko handitasun eta miseriak, familia, lana, etxea… dira erakusketaren oinarri, eta kanpotik ezarritako egiturek ere (eliza, aginte eta eskola), eguneroko bizitza eta kultura zein neurritaraino baldintzatzen ahal zutenaren adierazle.

Garai horietako bertze alderdi xeheagoak, baina ez horregatik garrantzi guttiagokoak ere jasotzen ditu erakusketak: frankismoaren aurkako gerrilaren ekintzak haranean, bestak, itxaropenik gabeko bizitza batean ihesbide bezala irakurritako komikiak, Francok mugan eraikitako gotorlekuen ondare arkeolgoikoa, Gorramendiko base estatubatuarraren eragina…

Gerra Zibilak Baztanek izan zituen ondorioak ere ezin dira ahantzi, 40 urteko diktadura eta gerra irabazi zutenen aginte osoa ekarri zuen gerra krudela. Euskararen egoeraren ikerketa eta frankismoaren aitzinean euskararen erresistentzia ere jaso dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun