Kalean Oinez, Doike! lelopean egunerokotasunean ariketa fisikoa txertatzea helburua duen ekimena aurkeztu zuten maiatzaren 7an Elizondoko Osasun Zentroan, “gure osasuna zein gure herrietako bizi baldintzak hobetzearren”. Osasun arloko profesionalak, ikastetxeak eta guraso elkarteak, Baztango Udala, Cederna-Garalur elkartea eta CRANA fundazioa elkarrekin lanean aritu dira hainbat ekintza antolatzeko asmoz. “Gure ustez, ekintza horiek nola mugitzen garen hausnartzeko parada eskeiniko digute eta, aldi berean, joan-etorriak oinez edota bizikletaz egitea proposatuko dugu, kotxea alde batera utzita” adierazi zuten aurkezpenean.
Prentsaurrekoa egin baino lehen, Baztan Ikastola eta San Francisco Javier ikastetxeko ordezkariak, herrietako alkateak eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko herrietako eskolek babesa erakutsi zioten ekimenari eta agerraldi publikoa egin zuten Osasun Zentroko atarian.
Elizondoko Osasun Zentroaren izenean Ana Ariztegik adierazi zuenez, egitasmoa 2009ko urrian sortu zen, Osasun Zentruko Osasunerako Hezkuntza Batzordearen ekimenez, “batez ere gaztetxoen artean kirol egiteko ohituraren murrizketari aurre egin eta ohitura horiek aldarazteko asmoz”. Izan ere, helburu nagusia bizilagunen osasuna hobetzea da, “ariketa fisikoa egiteko ohitura hartuz eta ariketa ez dadila ikusi zama bat bezala, gure bizimoduaren zati bat bezala baizik”. Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren institutuaren laguntza jaso dute proiektu hau finantzatzeko, baita, Baztango Udala, Cederna-Garalur, Crana, Kunsthal, Bertan eta bertze zenbait erakunderena.
Santiako Aldako, Baztango udaleko alkate ordeak aipatu zuenez, “udaletik hainbat ekimen egin ditugu, oinezkoa babesteko, baina oraindik aunitz gelditzen da egiteko. Elizondoko ikastetxeen kasuan, hobekuntza batzuk egin dira, baina oraindik seinalizazioa, espaloiak eta bertze zenbait egin behar dira, eta kanpaina honek lagundu eginen digu”.
Cederna-Garalur erakundeko Izaskun Abrilek aipatu zuenez, kanpainaren inguruan dinamika ona sortu da, “erakunde eta gizarte eragile aunitzek parte hartu baitu eta mugikortasuna, ohiturak eta bizi-kalitatearen inguruko hausnarketa egiteko baliagarria izanen delakoz”.
Cranako Rafa Aldaik, bere aldetik, autoaren gehiegizko erabilerak ingurumenean eta klima aldaketan duen eragina azpimarratu du. “XXI. Mendeko erronka nagusietako bat atmosferara igortzen dugun gasa murriztea da eta horrek, motorea duten ibilgaluen murrizketa eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apostua ekarri behar du nahitaez” aipatu zuen Aldaik.
Egitarau zabala
Helburu horretan, “Kalean Oinez, Doike!” ekimenean hainbat ekitaldi eginen dira. Hasteko, asteartean, maiatzaren 11n, Mugikortasun Jardunaldia eginen da Elizondoko Arizkunenean.Cranako Rafa Aldaik, “Mugikortasun jasangarria… zergatik?” solasaldiak eskainiko du eta ETT Sako Pedro Puig-Rey Claveriak “Mugikortasuna Baztanen: mugikortasun jasangarria lortzeko arazoak eta aukerak” solasaldia. Jardunaldia bi txandatan eginen da, 15:00etan merkatari eta enpresetzat eta 17:30ean herritarrentzat.
Maiatzaren 13an, ortzegunean 17:00etan “Eskola Bideen inguruko tailerra” eginen da Arizkunenean, Irungo Kunsthal Eskolako ikasleek egindako proposamenen aurkezpena, hain zuzen.
Heldu den astelehen eta asteartean, maiatzaren 17 eta 18an, Mugikortasunaren inguruko tailerrak eginen dira ikastetxeetan, irakasle eta Guraso Elkarteetako ordezkariei zuzenduta, Cranako Gurutze Santxo dinamizatzaile dutela.
Maiatzaren 31tik ekainaren 13ra bitarte “Pedalkadak iraunkortasunerantz” erakusketa izanen da Arizkunenean.
Maiatzaren 31n, “Mugi zaitez! Zure osasunak eskertuko dizu!” hitzaldia eskainiko dute Arizkunenean Elizondoko Osasun Zentroko profesionalek.
Ekainaren 2an, “Bide-segurtasuna bizikletan” tailerra eginen da Crana eta Oraintxeren laguntzaz. Bi txanda eginen dira, 15:30etik 16:30era eta 17:00etatik 18:00etara eta talde bakoitzean 50 lagun izanen dira gehienez.
Ekainaren 3an, “Pies para qué os quiero” antzezlana eskainiko du Trokolo antzerki taldeak Elizondoko frontoi zaharrean 16:30ean, 9 urtetik goitiko haurrei zuzendua.
Ekainaren 4an, “Jarduera fisikoa eta osasuna” mahai ingurua izanen da Arizkunenean 17:00etan, Cranako Rafa Aldaik moderatua.
Akitzeko, ekainaren 6an, Baztango herrietan ordubete inguruko martxak eginen dira oinez. Elkarretaratzeak 9:30ean eginen dira eta gero, eguerdian, Elizondoko Merkatu Plazan herri guzien bilkura eginen da eta hamaiketakoa. Aipatzekoa da herri bakoitzeko ordezkariak, kanpainaren logotipoaren puzzlea osatzeko zati bat eramanen duela Elizondora eta hantxe osatuko dute irudia.