“Zerbitzu publikoak Nafarroan eta Baztanen” izenburupean solasaldia antolatu du Baztango Ezker Abertzaleak ortzegun honetan, maiatzaren 6an, 19:30etik aitzinera Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko kehen solairuan.
Zerbitzu publikoen inguruan hausnarketa sakona egin behar dela uste du Ezker Abertzaleak, eta “ezkerreko alderdi bat garen aldetik, eta justizia soziala eta berdintasuna aldarrikatzen ditugun aldetik, honen inguruan gogoeta egin eta gure buruak ideologikoki kokatzeko” asmoz antolatu dute solasaldia.
Azkeneko urte hauetan Baztango udaletxeak zerbitzu publikoak pribatizatzeko eginahal azkarra abiatu duela uste du Ezker Abertzaleak. “Testuinguru horretan, joan den uztailean Francisco Joaquin Iriarte zahar-etxearen kudeaketa pribatizatzeko hautua egin zuen. Pribatizazioaren aldeko apostu honek oinarrizko bertze zerbitzu publiko batzuk ere ukitu ditu: Giltxaurdi udal kirol instalazioak, haur-eskola, hiltegia…”.
Ezker Abertzalearen idatziak dioenez, “garbi izan behar da zerbitzu publikoen pribatizazioa ez dela nahitaezko kontua, zerbitzu hauek eta administrazio publikoaren egitekoa ulertzeko aukera politiko bat bertzerik ez da, aukera neoliberala hain zuzen. Hala, azken hamarkadetan jasaten ari garen erasoaldi neoliberalaren ondorioz, zerbitzu publikoak pribatizatuz joan dira, eta Baztanen gertatu dena horren erakusgarri garbia da. Doike, afera ez da hor akitzen udaletxeak aitzineko urteetan salduriko ondare publikoa soka berean heldu baita: Lekarozko eskola zaharra, Gartzaingo medikuaren etxea…”.
Zerbitzu publikoak jendartearen garapen eta kohesiorako oinarrizko zerbitzuak dira, Ezker Abertzalearen ustez eta horregatik, “izaera estrategiko bat dute eta esku publikoetan egon behar dute, ezin dira pribatizatu eta merkatuaren logikaren baitan utzi. Zerbitzu publikoen pribatizatzeak ondorio sozial eta ekonomikoak ekartzen ditu eta jendarteko desorekak handitzen. Noski, zerbitzu publikoen jabego eta kudeaketa publikoa bermatzeaz gain, hauen eraginkortasuna nola hobetu aztertu behar da, baita herritarrek kudeaketan eta kontrolean parte hartzeko tresnetan ere”.