“Bestetako otorduetan jendeak gauza berexiagoak jan nahi izaten ditu

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 29a

Ruben Garate | Olari Ostatu Jatetxea

Iruritako ostatu-jatetxe bakarra da Olari eta bestetan, hitzordua jartzeko leku saihestezina. Ruben Garatek aipatu digunez, duela hogei urte pasaxeak, 1989ko abenduaren 3an ireki zen Olari, Olondriz anaien eskutik. Urteak pasatu dira eta urtero bezala, Salbatore bestak izanen dira sasoiko egunik garrantzitsuenetakoak, nahiz eta “ez diren garai batean izan ziren bezalakoak”, Garateren ustez. “Iruritako bestek zaleak galdu dituzte –dio ostalariak–, dela alkoholemiengatik edo dena delakoarengatik, garai batean plaza jendez gainezka ikusten zen, gazteak harat-honatean, hori galtzen joan da”. Urte hauetan, edateko ohiturak zertxobait aldatu direla aipatu digu Rubenek eta “gehien edaten den garagardoa alde batera utziz gero, ginebra eta martini-kubata mitikoak dira. Halere, gero eta ohitura handiagoa da txupitoak hartzeko”. Bazkari eta afariak ere ematen dituzte besta egun hauetan eta menua jendearen arabera aldatzen omen da, “baina beti jendea bestetan eskuzabalagoa –edo ahozabalagoa– izaten da jaterako orduan: sarrerako on batzuk eta arrain goxo bat izaten da ohiko menua, hori bai, hor barna dauden ardo beltz goxo horietako batekin lagundua”.
Ruben Garatek partikularki bezperako ezkilen joaldia gustatzen zaio bestetan, “orain, kontatzen dizudan bitartean, oilopikorretan jartzen naiz. Ez galdetu zergatik, baina zoragarria iruditzen zait eta ekitaldi horretatik hurbil, Salbatore eguneko haurren dantzak daude, nahiz eta lanarengatik ezin izan duten ikustera gan azkeneko urteetan”. Salbatoreetako egitarauari zerbait gehiago jartzea ere ez zaio batere erraza iruditzen: “Lehengora gatoz, gauzak antolatzeko eta funtzionatzeko jendea behar da, Iruritako bestak guttiagora joan dira, beraz kontent gauza gehiago paratu ordez, ez badugu deus kendu behar”.

 

Ostatu eta jatetxe batean ohikoak diren zerbitzuaz gain, joan den urteko azaroaz geroztik erakusketa-aretoa ere eskaintzen dute Olari jatetxean. “Berriak gara honetan –erran digu Rubenek– baina ideia aspaldikoa da. Niri pertsonalki pintura gustatzen zait, erakusketak ikustea… eta bertze lekuetan ikusiak nituen honelako erakusketak eta nere buruari galdegin nion: Zergatik ez Olarin? Honek ez gaitu gure ohiko lanetik desbideratzen, alderantziz, nahiko ongi hartzen dute elkar. Hasi ginen eta ikusiko dugu noiz arte!”. Erakusketako ikusleen artean bada denetarik: “Bada espreski erakusketa ikustera etortzen dena eta ez duena kafe bat ere hartzen; bada erakusketa ikusi bidernabarkoan bazkaltzeko mahai erreserbatzen duena; bada bazkaltzera etorri eta erakusketarekin topo egiten duena; baina batez ere Iruritako jendea da erakusketa ikusten duena. Erakusketa egiten duen artista zein den ere badu zerikusirik, ezaguna den, ingurukoa…”.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun