Espainiako Gobernuaren dirulaguntzarekin, Elizondoko Foru Plaza itxuraberritzeko lanak maiatzeko lehenbiziko astean hasiko dira. Horrela baieztatu digu Virginia Aleman alkateak. «Estalperik gabe espazio eszeniko eta kulturala» izanen dela erranez deskribatu du Udalak proiektua, eta lehiaketara aurkeztutako hamar enpresen artean, Mariezkurrenari esleitu zaizkio lanak, 478.097,69 eurotan (BEZa barne). 110 egunez, lanek akituak egon beharko dute.
Lanak bi zatitan
Bi fasetan eginen da: hasteko, plaza urbanizatu eta itxuraldatu eginen da, eta bigarren zatian, plazan joanen den eraikin administratiboa egin. Alemanek azaldu digunez, «bigarren zati horren proiektua ekainean onartzea espero dugu eta lanak uda baino lehen esleituko ditugu». Obra hasi, berriz, «abuztu edo irail aldera», erran digu alkateak.
Lan hauek egiteko plazan orain arte egon diren aparkalekuak kendu eginen dira. Baina horien ordez, Elizaren ondoan aparkaleku haundiago bat egin da. Gisa berean, proposamenean ageri denez, lau pergola estali eta ireki eginen dira, bakoitza bere ezaugarriekin. Kioskoa ere desagertu eginen da, eta horren ordez, pergola haundiago bat eraiki.
Zolak ere «bere protagonismoa» izanen du, «Mutildantzaren itxura eliptikoa mantenduko baita». Gainera, bertzeak bertze, oztopo arkitektonikoak kenduko dira, eta ekipamendu berriak paratu: argiak, bankuak, zaborrontziak...