Azken aldietan baino ahari guttiago aurkeztu ziren apilaren 9an egin zen Udaberriko Feriko ahari lehiaketara, aharien artean kutsatzen den bruzelosi eritasuna baitabil eta eritutako ahariak plazetan ezin direla aurkeztu dioelako osasun araudiak. Halere, 13 ahari aurkeztu ziren plazara eta horietatik 11 atera ziren lehiaketara, 4 mutur beltzen kategorian eta 7 mutur gorrien kategorian. Parte-hartze ttikiagoa izan zenez, kategoria bakoitzean hiruna sari eman beharrean bina eman ziren. Hala, mutur beltzetan, 75 euro eta kaikuaren lehen saria, Almandozko Etxotoako Norberto Agerrek aurkeztutako ahariarentzat izan zen eta bigarrena, 50 euro, Beartzungo Pardio baserriko Manuel Bertizenarentzat. Mutur gorrien kategorian, berriz, Arraiozko Indakoako Felisa Ugarteren ahariarentzat izan zen lehen saria eta bigarrena Arraiozko Sagrario Urrozentzat. Gainerakoan, giro ederra izan zen Merkatu Plazan eta aharikoak ez ezik, behi aziendak ere aurkeztu ziren, 30 bat buru. Horrez gain, txistularien musikak eta dantzariek ederki girotu zuten plaza eta artisauen eskulanak ere ikusgai izan ziren. Bildots errea eta Baztan-Zopak dastatzeko aukera ere izan zen.