‘Baztan Frankismoaren Garaian’ erakusketa prestatu dute Lekarozko ikasleek

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 26a

20 urteko lanaren emaitza da ikusgai paratuko dutena

Baztan Frankismoaren Garaian. Izenburu horixe daraman erakusketa prestatu dute Lekarozko Institutuko ikasleek eta laster paratuko dute ikusgai.
Urteetako lanaren emaitza da, duela 20 urte institutuko Gizarte Zientzien Departamentuak, ikasleen bidez, ahozko iturrien bilketa hasi zuenean abiatutakoa. Helburua ere argia zen: baztandarren bizitzen istorioak irautea, Errepublikan, Gerra Zibilean, Frankismoan eta Trantsizioan bizitakoak, desagertzear dauden ohiturak berreskuratu, eta hurbil litezkeen ikertzaileentzat bertako euskalkien erregistroa uztea.
Lan honekin, 1936tik 1975era bitarteko irudi eta idatzizko testigantzak jaso dituzte, eta belaunaldi zaharragoen kasuan, gogora ekarri. Eguneroko handitasun eta miseriak dira erakusketaren oinarri, eta kanpotik ezarritako egiturek eguneroko bizitza eta kultura zein neurritaraino baldintza zezaketen ere adierazi nahi izan dute.

Xehetasun gehiago
Garaiko bertze alderdi batzuez ere ari da egindako lana: frankismoaren aurkako gerrilaren ekintzak haranean, bestak, itxaropenik gabeko bizitza batean haurren ihesbide bezala irakurritako komikiak, Francok mugan eraikitako gotorlekuen ondare arkeologikoa, Gorramendiko base estatubatuarraren eragina, Gerra Zibilak Baztanen izan zituen ondorioak... Euskararen egoeraren ikerketa, eta frankismoan euskararen erresistentzia ere bildu dituzte.
Erakusketa argazki, prentsa zati, panel eta audioekin osatu dute eta maiatzaren 4tik aitzinera Arizkunenea Kultur Etxean egonen da ikusgai, maiatzaren 27ra bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun