Iruritan eraikiko den eskolan, jangela egiteko eskaera Nafarroako Gobernura ailegatu da. Hezkuntza Departamentuarekin eta Udalarekin bildu zen Iruritako Guraso Elkartea apirilaren 20an Iruñean, eta gurasoak berri «gazi-gozoekin» bueltatu ziren. Hezkuntza Sailak bere aldetik ez dela jangelarik izanen adierazi zuen, baina aipatu zuenez, «gurasoak prentsan agertu direnarekin, seguraski enpresa guztiek jantokirako gela bat sartuko dute». Gaineratu zutenez, «zuzendariak erabaki beharko du gela bat horretarako utzi ala ez».
Gurasoek, euren aldetik, bilera hura egitearen arrazoia uneoro «jantokirako gelarik ez» erantzuna hartu dutela izan dela azaldu zuten. Hasieratik, eskaera kontuan hartuko zela jakin izatera, aldarrikatzeko egin duten guztia ez zutela eginen erran zuten. Mahaiko hirugarren partaidea, Udala, «isil-isilik mantendu zen».
Gurasoendako «harrigarria» izan dira Iruñean aditutako zenbait iritzi, udaletxean ere adituak zirelako, eta «ez preziski herrien alde».